Eduki publikatzailea
2017·10·04
“ Buruntzaldeko Ibilbideak ” izeneko proiektuari esker, lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu. Bidezidor eta bide ezberdinak ditugu (bost ibilbide ezberdin daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.
Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oria, urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja; eta Andoain, urdina), hala, seinale bat bidean ikusten dugunean zein ibilbidetan gauden jakingo dugu.
Zehazki esanda aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira:
- ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. Ibilbide honek bi aukera eskaintzen ditu: Bat Buruntza mendiko gailurra eginez, San Roke ermitaren barrena, eta bestea Buruntza mendia gerritik inguratuz.
- ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
- ANDOAIN – USURBIL. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinezkoentzat gomendatzen da eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
- LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
- LASARTE-ORIA – USURBIL - AGINAGA Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9,00 km.ko luzera du (Santuene auzoaren barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
Aipatutako ibilbide hauek guztiak edozein norabidetan egin daitezke. Ibilbide hauei buruzko informazio zehatza (mapak, profilak, izenak, distantziak…) www.buruntzaldea.eus helbidean aurkitu daiteke.
Buruntzaldeako 2017-2018 ikasturterako planak, ibilbide hauek guztiak ezagutzera emateko martxa bat antolatzea du aurreikusia, alegia, Buruntzaldeko ibilbideen eguna, 2017ko urriaren 8an (igandea) egingo dena.