Eduki publikatzailea
Brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programaren deialdia abiatu dute
2023·09·19
Beterri-Buruntzako udalek martxan jarri dute brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programa: herriko langabetuak lan merkatuan txertatzea da helburua. Usurbilen kasuan, lanaldi osoko lau lanpostu eskainiko dira, bost hilabeterako, aurtengo abenduan hasi eta 2024ko maiatzera arte. Lanbidek kudeatuko ditu programan parte hartzeko eskaerak: aurreikuspenen arabera, aste honetan irekiko da izena emateko epea.
Programak, aurten, bi zati izango ditu: formazioa eta enplegua. Batetik, EAGI Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Eskolak prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko du, Usurbilen, urriaren 20an hasi eta abendura arte. Bestetik, prestakuntza gainditzen dutenek udal brigadetan lan egiteko aukera izango dute, abendutik maiatzera arte.
Programa, batik bat, Usurbilen bizi diren pertsona langabetuei zuzendua dago, eta lautik bi lanpostu emakumeentzat izango dira. Parte hartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira: Lanbiden lan eskatzaile gisa izena emanda egotea, Usurbilen erroldatuta egotea eta 2022an programa honen edo gazte enpleguko programaren onuradun ez izatea.
Beterri-Buruntzaren enplegu plana Lanbidek diruz lagundua da, eta horrek kudeatuko ditu izen-emateak: ondo bidean, aste honetan irekiko da izena emateko epea, Lanbideren Enplegu atalean.
Informazio gehiago: Usurbilgo Udaleko Enplegu saila (943 371951 / enplegu@usurbil.eus)