Eduki publikatzailea
Atzealdea Brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programa martxan da
2025·10·14

Beterri-Buruntza Mankomunitateak martxan jarri du brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programa: herriko eta eskualdeko langabetuak lan merkatuan txertatzea da helburua. Usurbilen kasuan, lanaldi osoko bi lanpostu eskainiko dira, bost hilabeterako. Lanbidek kudeatuko ditu programan parte hartzeko eskaerak: urriaren 19an irekiko da izena emateko epea.
Programak bi zati izango ditu: formazioa eta enplegua. Batetik, EAGI Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Eskolak prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko du, urriaren 29tik abenduaren 12ra bitartean (150 ordu), Lasarte-Orian. Bestetik, prestakuntza gainditzen dutenek udal brigadetan lan egiteko aukera izango dute, bost hilabetez eta lanaldi osoz.
Parte hartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira: Lanbiden lan eskatzaile gisa izena emanda egotea, Usurbilen erroldatuta egotea eta 2024an programa honen edo gazte enpleguko programaren onuradun ez izatea. Emakumeek eta epe luzeko langabeek lehentasuna izango dute.
Aurten, berrikuntza moduan, hirugarren sektorearen bitartez beste lau kontratu gehiago egingo dira. Azkenik, Mankomunitateak berak lan eskaintza bat ere argitaratuko du: datozen egunetan argitaratuko ditu xehetasun gehiago.

