Eduki publikatzailea

Atzealdea Bizitzak aurkeztutako hiru mozioak atzera bota dituzte

Udalbatzako hiru taldeek bat egin dute aurkako botoan iraileko osoko bilkuran.

2023·09·29


Bizitzak aurkeztutako hiru mozioen aurka bozkatu dute udalbatzako hiru taldeek, aho batez, iraileko osoko bilkuran. Testuek lantzen dituzten zenbait ideiarekin bat egin arren, eta iritzi eta ikuspuntu guztiak errespetagarriak direla iruditu arren, talde guztiek aurkako posizioa agertu zuten.

Elikadura subiranotasunari, trantsizio ekologikoari eta Covidari buruzkoak ziren mozioak. Udal-gobernuak, bere aldetik, bere aurkako botoa arrazoitu zuen. Elikadura subiranotasunari dagokionez, orain arte egindako lanak aipatu zituen Ainhoa Arrozpide zinegotziak, adibide gisa. “Ura pribatizatzen ari diren honetan, Usurbilen uraren esparruan herri burujabea izateko inbertsio oso garrantzitsuak jarri ditugu martxan: filtrazio eta kontrol sistema”. Horrez gain, aipatu zuten udalak dituen lursailetan egin daitezkeen zenbait proiektu baloratzen ari dela Behemendirekin batera, eta zerbait zehatzagoa landutakoan jakinaraziko dutela.

Trantsizio ekosozialari dagokionez, gogoratu du udalak Goiener kontratatu zuela herrian energia komunitate bat sortzeko, eta jada martxan dagoela. “Udalak laguntza eman die orain arte, eta bidelagun izaten jarraituko dugu”. Mozioak Kalezarren abiatzeko proiektu bat proposatzen zuen, eta udal-gobernuak aipatu du auzotarrekin izandako hartu-emanetan halako proiektu baten beharrik ez dutela jakinarazi.

Covidari dagokionez, udal-gobernua ez dago ados mozioan egindako irakurketarekin. “Errespetagarria iruditzen zaigu bakoitzak bere iritzia izatea, baina udalaz gaindiko kontu bat da, mundu mailako pandemia da. Askotan salatu izan dugu goitik beherako erabaki asko kudeatu behar izan ditugula. Eta, hala ere, uste dugu eredugarri izan garela herritarren osasuna bermatu eta bizitza soziala bultzatzeko aukerak ematen, eta uste dut herritarrak kontziente direla horretaz. Txertoaren gaia ere oso pertsonala iruditzen zaigu, ez soilik Covidari lotuta”.

Arrozpideren esanetan, pandemian zehar ere bildu izan da udal-gobernua mozioak aurkeztu dituen pertsonarekin, eta gaiaren inguruko iritziak helarazi izan dizkiote. Hala ere, udalbatza berria denez, moziook osoko bilkurara eramatea erabaki zuten, zinegotzi berriek ere horien berri izan zezaten.