Eduki publikatzailea
Atzealdea Bizi osorako etxebizitzak eskaini ahal izateko Matiaren eta udalaren arteko alokairu kontratua onartu dute, aho batez
2025·01·31
Bizi osorako etxebizitzak eskaini ahal izateko Matiaren eta udalaren arteko alokairu kontratua onartu dute, aho batez, urtarrileko osoko bilkuran. Udalak eskainiko duen baliabide berri bat izango dira, zaintza behar duten pertsonak eta haien zaintzaileak bertan bizi ahal izan daitezen, alokairuan. Matiarekin sinatuko den kontratuak 10 urterako iraupena izango du, eta udalak, urtero, 55.200 euro ordainduko dizkio Matiari.
Usurbil herri zaintzailea izateko lanean aritu da ari da udala, hainbat eragile, herritar eta sektoreko zerbitzu eta profesionalekin, iraupen luzeko zainketak jasangarriagoak izan daitezen. Pertsona ardatz duen arreta da eredu berriaren oinarria: etxean bizi ezin bada, etxean bezalako ekipamenduak eskaintzea da eredu horren zutabeetako bat. Usurbilen horri lotutako aldaketak izan dira azken urteetan: belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa den Txirikordak zaintzak ikuspegi prebentibo batetik lantzen ditu, eta hala sortu da Egurtzegi ere, zaintzadun etxebizitzen auzunea. Hurrengo urratsa bizi osorako etxebizitzak izango dira.
Etxebizitza horiek Egurtzegin daude kokatuta, eta Matiarenak dira, jabetzan. Sei dira guztira, eta horietako lau udalak kudeatuko ditu sinatuko duten kontratuaren bidez. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak baliabide berri horren garrantzia nabarmendu du, osoko bilkuran. “Etxebizitza plangintza eta eremu tentsionatuez hitz egiten dugu, eta uste dut garrantzitsua dela, gizartea gero eta zaharragoa den garai honetan, konturatzea haiei begirako etxebizitza politikak ere beharrezkoak direla: euren etxebizitzak dira, maiz, zaharrenak, eta ez dituzte euren beharrak asetzen, igogailurik ez dutelako, ez direlako irisgarriak eta abar”. Zaintza behar izanda ere, pertsonek beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, Solaberrietaren esanetan, eta ezin den kasuetan egoitzetara joan eta hausturak gertatzen dira euren egunerokoan: “Haustura horiek saihestea da, besteak beste, etxebizitza hauen zereginetako bat, zainduak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitu dezaketelako, eta, gainera, bien ongizatea zainduko delako, besteak beste, bakoitzak bere espazioa izango duelako”.
Matiarekin sinatuko den kontratutik zenbait aspektu nabarmendu ditu alkateak. Batetik, prezioa: udalak Matiari, urtero, 55.200 euro ordainduko dizkio lau etxebizitzen alokairuagatik eta etxebizitza horiek lotzen dituen gune komunitarioen garbiketagatik. Etxebizitzen alokairuak zaintza ere barne hartuko du, gainera: erreferentziazko gizarte langile bat izango dute euren egoerak kudeatzen laguntzeko. Bestetik, kontratuaren iraupena 10 urtekoa izango da. Udalak etxebizitza horiek alokairuan eskainiko ditu: ez dagoenez jakiterik zenbat luza daitezkeen, jada adostu dute udalaren eta Matiaren arteko kontratua ez dela bukatuko udalak herritarrarekin duen kontratua amaitu arte.
Udalak, orain, etxebizitza horiek esleitzeko ordenantza prestatu behar du, aurrez Txirikordan egin bezala. Udarako onartu nahi da, etxebizitza horiek ahalik eta lasterren eskaini ahal izateko.