Eduki publikatzailea
Atzealdea Bilera deialdi irekia: tren geltoki berria, San Esteban kalea eta Etxealdirako proposamenak
2022·09·26

Elkar eragiten duten hiru proiektu aurkezteko bilera deialdi irekia egin du udalak. Zehazki, Usurbilgo tren geltoki berriaz, San Esteban kalerako proiektuaz eta Etxealdiko Irisgarritasun Planaz hitz egingo dute urriaren 5erako deitutako bileran: Potxoenean izango da, 18:00etan. Horrez gain, Etxealdirako HAPOak jaso dituen proposamenez aritzeko ere aprobetxatuko dute hitzordua. Bilera bi zatitan egingo dute: lehenengo bi gaiak usurbildar guztiei zuzenduta daude, guztiei eragiten dien heinean; azken biak, aldiz, etxealdiarrekin landuko dituzte, auzoari eragiten diotenak diren heinean. Horregatik, bilera deialdi irekia egiteaz gain, Etxealdiko auzotarrak gutun bidez gonbidatu ditu.
Urte hasieran, udal ordezkariak Etxealdiko bizilagunekin elkartu ziren, auzoaren beharrak identifikatu eta soluzio posibleak lantzeko. Bilera horretan, udalak hainbat konpromiso hartu zituen, eta horiek lantzen aritu da. Batetik, Etxealdiak dituen irisgarritasun arazo garrantzitsuenei konponbidea emango dien Irisgarritasun Plana osatzeko lanketa: udalak arkitekto enpresa bat kontratatu du, eta haiekin egindako proposamena aurkeztuko dute. Bestetik, San Esteban kalea irisgarriago egin eta oinezkoei lehentasuna emateko exekuzio proiektua idatzita dago jada, eta udalak urtea amaitu aurretik esleitu nahi ditu lanak. Tarte horretan, gainera, ETS Euskal Trenbide Sarearekin tren geltoki berria egiteko hitzarmena lortu zuen udalak. Beraz, elkar eragiten duten hiru proiektu direnez, guztiak aurkeztuko dituzte urriaren 5eko bileran. Auzotarrei eskainiko zaien bileraren bigarren zatian, gainera, epe motzean hasierako onarpena ematekoa den HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Etxealdirako jasotako proposamenak aurkeztuko zaizkie.

