Eduki publikatzailea

Atzealdea Bihartik aurrera eskatu ahal izango dira udalak ostalaritza berraktibatzeko sortutako dirulaguntzak

Azaroaren 6ko dekretuak agindutako itxieraren ondorioei aurre egiteko sortu du dirulaguntza: 1.000 eurora arteko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte ostalaritza establezimendu eta jatetxeek. Eskatzeko azken eguna urtarrilaren 28a da.

2021·01·14


Udalak ostalaritza berraktibatzeko sortutako dirulaguntzak bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte herriko ostalaritza establezimendu eta jatetxeek. Covid19-ak eragindako osasun krisiari eusteko horien itxiera dekretatu zuen Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an (38/2020 dekretua), eta itxiera horrek eragindako kalteei aurre egiteko sortu du udalak dirulaguntza berria: udalak 40.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara, eta 1.000 eurora arteko laguntzak jasoko dituzte eskatzaileek. Gaur argitaratu dituzte dirulaguntzaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, bihartik urtarrilaren 28ra bitartean izango dute interesdunek laguntza eskatzeko epea.

“Larrialdi ekonomikoko” egoera kontuan izanda, kaltetutako ostalari eta zerbitzuei jarduera berrabiarazten laguntzeko eta bultzada emateko sortu ditu laguntza horiek udalak. Guztira, 40.000 euro emango ditu dirulaguntzetan, baina kopuru hori handitu daiteke, oinarrietan zehaztu dutenez: “Hala ere, eskabideen kopurua eta zenbatekoa dirulaguntzetara bideratutako kopurua baino handiagoa bada, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-erabilgarritasunaren arabera”.

Eskatzaile bakoitzak 1.000 euro jaso ahal izango ditu, gehienez. Kopurua bi baldintzen arabera aldatu ahal izango da. Batetik, establezimendu eskatzaile guztiek kopuru finko bat jasoko dute: 700 euro. Bestetik, 300 euro osagarri jaso ditzakete, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin lotutako hornidura udalerrian kokatutako txikizkako saltoki edo enpresetan egiten badute. Neurri horren helburua udalerriko ekonomia zirkularra eta saltoki txikiak sustatzea da.

Bi modutara egin daitezke eskaerak: udalaren zerbitzu digitalen bidez, edo udalean bertan, 943 37 19 51 telefonora deitu eta hitzordua aurrez hartuta.