Eduki publikatzailea

Atzealdea Bihartik aurrera eman ahalko da izena Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan

Etxebizitza eskatzaile diren herritarren erregistro iraunkor eta eguneratua bihar jarriko da martxan. Erregistroa abiatuta, Txaramunto 2 kaleko zazpi etxebizitza izango dira esleitzen lehenak, eta uztailaren 30era bitartean izango da izena emateko epea.

2020·06·22


Otsaileko osoko bilkuran alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko araudia onartu zuten hasieraz eta aho batez: ohiko baldintzetan, dagoeneko jendaurreko epea bukatuta eta sistema berria martxan legoke. Covid19 birusaren krisiak, ordea, epe administratiboak eten egin zituen, eta orain hasi dira berriz ere martxan jartzen: gaur bertan argitaratu dute GAOn Usurbilgo Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroaren araua, eta, beraz, bihartik aurrera eman ahalko da izena etxebizitza eskatzaile gisa udal-erregistroa beharrezko dokumentazioa eramanda.

Erregistro horrekin, alokairu sozialeko etxebizitzak baremazio bidez esleituko dira, eta ez zozketaz, orain arte bezala. Baremazio horrek bermatuko du etxebizitzak behar gehien dutenei esleituko zaizkiela: kontuan hartuko ditu familiaren osaera, egoera ekonomikoa, osasuna, babes bereziren bateko kolektiboko kide izatea, herrian errotzea eta lehendik udal etxebizitzetan esleipenduna izan den edo ez. Aurrerago, erregistroan jasotako daturen bat aldatuko balitz, horren berri eman beharko diote eskatzaileek udalari.

Alokairu sozialera bideratutako etxebizitza bat libre gelditzen den aldiro esleituko dira etxebizitzak, eskatzaile guztien datu eguneratuak oinarri hartuta: etxebizitza eskatzaileen zerrendan lehena dagoen eskatzaileari esleituko zaio. Errenta kontratuak urtebetekoak izango dira, eta urtez urte luzatu ahal izango dira, bost urtera arte: kontratuaren epemuga iristen denean, maizterrek udalaren esku utzi beharko dute etxebizitza. Hilero kobratuko zaien errenta familia unitatearen diru-sarreren araberakoa izango da.

Txaramunto 2: zazpi etxebizitza

Udalak, gaur-gaurkoz, hemeretzi etxebizitza ditu, jabetzan, alokairu sozialera bideratuta. Txaramunto 2 kalean, guztira, hamabi, eta, Gernika Ibilbidean, zazpi. Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroa abiatuta, lehenengo esleipena Txaramunto 2 kaleko zazpi etxebizitzarena izango da. Lehen esleipen horretan izena emateko uztailaren 30era arteko epea izango da. Etxebizitza guztiek bi logela dituzte, eta 40m2 eta 59m2 artekoak dira.

Datorren aste hasieran, Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroaren zein esleituko diren zazpi etxebizitza horien inguruko xehetasun guztiak batzen dituen eskuorria banatuko da etxez etxe, Udalberri aldizkariarekin batera.