Eduki publikatzailea
Atzealdea Bihar jarriko da martxan tren geltoki berria, bere osotasunean
2026·05·22

Bihar, maiatzaren 23an, jarriko da martxan Usurbilgo tren geltoki berria, bere osotasunean: nasetarako sarbidea, beraz, geltokitik, goiko aldetik, egin behar da. Lanak amaitu izanaren berri emateko agerraldia egin dute, geltokian bertan, Eusko Jaurlaritzako, ETS Eusko Trenbide Sareko eta udaleko ordezkariek.
Albistearen garrantzia nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Usurbilek behar eta merezi zuen halako garraio azpiegitura moderno eta irisgarri bat, eta zentzu horretan gaurkoa pozteko eguna da”. 2023ko apirilean hasi ziren obrak, eta bitarte horretan tren zerbitzua behin ere ez eten izana goraipatu du; eskerrak eman dizkie ETSko arduradunei izan duten profesionaltasunagatik eta arduragatik.
Solaberrietaren esanetan, geltoki berriaren obra eta inbertsioa estrategikoa da Usurbilgo herriarentzat. Batetik, garraio publikoa indartzen delako, tren geltokirako konexioak nabarmen hobetu baitira: “Tren geltokia hurbildu egiten da erdigunerantz, igogailu bidez iristen da, eta, horrenbestez, irisgarriagoa da lotura”. Udalak San Esteban kalea osorik urbanizatzeak ere trena hartzeko baldintzak hobetu ditu, era berean: “Autoak nagusi ziren kaletik oinezkoei eta bizikletei eman diegu lehentasuna, kalitatezko espazio publikoa sortu dugula esango nuke, eta, ondorioz, herrigunea eta tren geltoki berrira arteko oinezko lotura indartu egin da erabat”.
Zentzu horretan, eskerrak eman dizkio ETSri bi proiektuak uztartzeko erakutsi duten jarreragatik. “Herriaren eta udalaren beharrak eta proiektuak aintzat hartu dituzte, eta elkarlanean aritu gara une oro, eta emaitza begi-bistakoa da: denontzat dira onurak”. Bi proiektuen arteko jarraikortasuna bermatu da, geltokirako konexioa goxatu eta edertu; plazatxo moduko bat sortu da zubiaren sarreran, aulkiak jarri, eta bizikletak uzteko aparkalekuekin, dena ondo integratuta gelditu da. Geltokian bertan ere bizikletentzako jarritako aparkalekuek mugikortasun aukera hori indartuko duela goraipatu du.
Bestetik, tren geltoki berriak segurtasunari egindako onura nabarmendu du: izan ere, herriko tren pasabide arriskutsuenetako bat ezabatu da. “Segurtasunean irabazi egin dugu nabarmen, eta Santuenea eta kaxkoko lotura irisgarriagoa izatea ahalbidetu da, hainbat igogailuren bidez eta N634 gainean zubi berri eta zabalago bat eraikiz”.
Gogoratu duenez, Usurbilen zenbait urte dira herri zaintzailea izateko lanketa kolektiboa abiatu zela, zaintzak zeharlerrotasunez lantzen, baita hirigintzaren ikuspegitik ere. Zentzu horretan, geltoki berriak zein San Esteban kaleko urbanizazioak egiten duten ekarpena nabarmendu du, batik bat, jende heldua eta Santueneko bizilagunak gogoan hartuta.
Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskerrak eman dizkie Solaberrietak, proiektua gauzatzeagatik. “2010ean idatzi zen proiektu hau, eta kaxoi batean sartuta gelditu zen, lehentasuna inguruko herrietako geltokietan jarrita. 2020an berreskuratu zen proiektua, eta gaur esan dezakegu ETSk Usurbilekin zuen zor historikoa kitatu duela”.
