Eduki publikatzailea
Atzealdea Bidez Bide zerbitzua egokitu da Aginaga, Arratzain eta Kalezarko erabiltzaileentzat
2025·01·08
2025 hastearekin batera egokitu da Bidez Bide zerbitzua Aginaga, Arratzain eta Kalezarko erabiltzaileentzat. Bidez Bide Usurbilgo Udalak Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen bidez landa eremuko biztanleentzako eskaintzen duen garraio egokituko zerbitzua da: aldiro egiten da zerbitzua egokitzeko ahalegina, garaian garaiko beharrei eta joerei erreparatuta, eta hala izan da oraingoan ere.
Bi aldaketa izango dira. Batetik, Usurbilgo kaxkotik etxera edo baserrira joateko, Kalezar-Arratzain-Aginaga ibilbidea hasteko ordutegiak mantenduko dira betiko tokian (kaxkoan) eta orduetan (07:30, 10:30, 13:30, 15:30 eta 19:00). Ordu horietan, eremu horietako erabiltzaileren bat geltokian badago, zerbitzu pertsonalizatua eskainiko da, eta kaxkotik bere etxera edo baserrira eramango da. Geltokian erabiltzailerik ez badago, ordea, ez da ibilbidea egingo. Bestetik, eremu horretako etxe edo baserrietatik kaxkora jaisteko, erabiltzaileek aldez aurretik eskatu beharko dute zerbitzua, gutxienez egun bat lehenago, betiere ohiko ordutegien barruan (07:30, 10:30, 13:30, 15:30 eta 19:00). Bidez Bide zerbitzura telefonoz deitu beharko dute horretarako: 630 643 596.
Bidez Bide zerbitzuaren erabiltzaileak ohikoak izaten dira, eta aldaketak martxan jarri aurretik jakinarazi zizkieten. Horrez gain, dena den, gutun bana bidaliko da eremu horretako etxe eta baserrietara, aldaketen berri eman eta zerbitzuaren telefono zenbakia eskura izan dezaten.
Gainerako ibilbideek bere horretan funtzionatzen jarraituko dute.
Aldaketa gehiago, Altzonazko zubiaren obrekin
Epe motzean, berriz moldatu beharko da Bidez Bide zerbitzua. Egun zehatza ezagutzen ez bada ere, laster hasiko dira, Txokoalden, Altzonazko zubiaren obrak, eta horrek erabat baldintzatuko du auzotarren eguneroko mugikortasuna. Eguneroko behar horiek ezagutzeko galdetegia osatu zuen udalak, eta auzotarren ekarpenak jasota, besteak beste, Bidez Bide zerbitzuan zenbait moldaketa egingo dira.