Eduki publikatzailea
Atzealdea Beterri-Buruntzan gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak laneratzea helburu duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute udalek
2019·01·11

Beterri-Buruntza eskualdeko 5 udalek (Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil eta Urnieta) Auzolan Berri programa martxan jartzeko lau urtetarako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Hernanin, Traspakar eraikinean. Hain zuzen, eraikin horretan garatuko da programa, eta toki horretan bertan sinatu dute udal-ordezkariek hitzarmena. Programa hori eskualdeko Gizarte Zerbitzuen eta Enplegu Sailen arteko elkarlanetik jaio da, eta urtero gizarte-bazterketa egoeran dauden 15 pertsonen gizarteratzea eta laneratzea du xede.
Auzolan Berri programa martxan jarri ahal izateko, bost udaletako gizarte zerbitzuek urtero 52.875 € jartzeko konpromisoa hartu dute hurrengo lau urtetarako, eta lehen edizio honetan, Erroak birgizarteratzeko elkartearen kolaborazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Funts Sozialak kofinantziatutako Sendotu Aldiberean programaren laguntza ekonomikoa ere jasoko du.
Lehen edizio hau 2019ko martxoan martxan jartzea aurreikusten da. Bi atal nagusi izango ditu. Alde batetik, lau hilabetez luzatuko den formazio ibilbidea: parte hartzaileek, oinarrizko gozogintzan gaitzeko 330 orduko formazio profesionala, 80 orduko lan-praktikak, gaitasun sozio-pertsonalak lantzeko saioak eta jarraipen pertsonalizatua jasoko dituzte. Beste alde batetik, formazio-fasea bukatzerakoan, bigarren atalaren helburua parte hartzaileak enpresa pribatu batean lan kontratua lortzea izango da. Horretarako, 3.000-6.000 € arteko kontrataziorako diru-laguntzak jarriko dira pizgarri bezala sektoreko enpresen eskuragarri.
