Eduki publikatzailea
Atzealdea Beterri-Buruntzako udal-lankidetzarako 2017ko hitzarmena aldatzea eta luzatzea onartu dute, aho batez, ezohiko osoko bilkuran
2021·01·26
Beterri-Buruntzako udal-lankidetzarako 2017ko hitzarmena aldatzea eta luzatzea onartu dute, aho batez, urtarrileko ezohiko osoko bilkuran. Hitzarmen hori 2021eko urtarrilaren 27ra arte zegoen indarrean, eta hala jarrai zezan aurreratu dute urtarrileko osoko bilkura. Dena den, mankomunitatea sortzeko prozesuan desadostasunak daudela azaldu du EH Bilduk, batik bat, sortze bidean den egiturak izan beharreko baliabideetan.
Lankidetza hitzarmena 2017koa bada ere, lehenagokoa da Beterri-Buruntzako udalen arteko elkarlana. Hainbat programa jarri dituzte martxan tokiko garapenean, ekonomiaren sustapenean eta enpleguaren alorrean, eta hitzarmenak egindako bide “oparoa” nabarmendu zuen EH Bilduk. “Zoritxarrez, adostasun falta horrengatik, eta, neurri handi batean, lidergoa ez denez batere eraginkorra izan, lau langiletik hiru galdu ditugu, eta laugarrena ere badoala ematen du kontratua amaitzen zaionean”. EH Bilduren ustez, “izugarrizko” galera izango da, urteetan adostasunez egindako lanaren eta urteetan pilatutako jakintza eta jositako ehunaren galduko baita langileen joanarekin. Langileak behar bezala informatu eta haiengandik gertu ez egon izana akatsa izan da, haien esanetan.
Andoaingo Udalak hitzarmena garatzeko bere gain hartutako zama nabarmendu eta aitortu dute, halaber. Atzo sinatutako hitzarmenak gainerako udalek kontratazio berriak euren gain hartzeko erantzukizuna jasotzen du. Irizpide juridiko eta tekniko desberdinak edukitzeak erabakiak hartzea zaildu eta langileen galera eragin du EH Bilduren esanetan. “Mankomunitatea hutsetik abiatu beharko dugu, langileek urteetan pilatutako jakinduria guztia galduko dugulako: kaltetuak herritarrak izango dira”.