Eduki publikatzailea

Atzealdea Beterri-Buruntza Mankomunitatearen estatutuak onartu eta Usurbilgo ordezkariak izendatu dituzte, aho batez

Irailean mankomunitatea osatzeko estatutu proiektua behin betikoz onartu zuten eskualdeko Zinegotzien Batzarrean, aho batez: orain udalerri bakoitzari dagokio osoko bilkuran onartzea, bi hilabeteko epean.

2021·10·01


Beterri-Buruntza Mankomunitatea osatzetik gertuago dago azken asteetako urratsak ikusita. Irailean, mankomunitatearen estatutu proiektua behin betikoz onartu zuten eskualdeko Zinegotzien Batzarrean, aho batez, eta bi hilabeteko epea dute orain udalerriek osoko bilkuretan onartzeko. Usurbilgo udalbatzak atzo egin zuen urrats hori, iraileko osoko bilkuran onartu baitzituen mankomunitatearen estatutuak, aho batez.

Estatutuak onartzearekin batera, Usurbilgo ordezkariak ere aukeratu zituzten. Oraingoz, Agurtzane Solaberrieta Mesa eta Beñat Larrañaga Urdanpileta izango dira; ordezkoak, berriz, Lur Etxeberria eta Ainhoa Arrozpide.

Larrañagak azaldu zuenez, azken udalerriak berrestean, hilabeteko epean batzarra deitu eta eratuko dute, behin betikoz, mankomunitatea: “Urteetako lanketaren ondorioz, martxa hartua du mankomunitateak, azkenean”.