Eduki publikatzailea

Atzealdea Beste errei bat itxiko dute, urriko bi asteburutan, Kalezarko saneamendu hobekuntzak egiteko

Euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak egingo dituzte, N634 errepidean, Matiaren eraikin berriaren parean. Urriaren 14tik 17ra eta urriaren 28tik 31ra egingo dituzte lanak.

2022·10·11


Urriko bi asteburutan beste errei bat itxiko da N634 errepidean, Kalezarko saneamenduari lotutako lanak egiteko: hain zuzen ere, urriaren 14tik 17ra eta urriaren 28tik 31ra. Mozketa Matiaren eraikin berriaren parean izango da: hoditeria berria sartuta, euri urak eta ur zikinak bereiztea izango da lanen helburua. Hori egin ahal izateko, beharrezkoa izango da errei bat ixtea eta trafikoa behin-behineko semaforoekin bideratzea. Beraz, egun horietan, distantzia tarte motzean, bi obra izango dira martxan: Kalezarko saneamenduarena eta Troia eta Txikierdi artekoa.

Saneamenduan hobekuntzak egiteko obrak bi asteburutan egingo dituzte:

  • Urriaren 14ko 22:00etatik urriaren 17ko 06:00etara: zanga irekiko dute errepidean, hoditeria berria sartzeko, Matiaren eraikin berriaren parean. Hilaren 17an, bi erreiak irekiko dituzte, eta errepidearen zoladura behin-behineko altzairuzko txapekin babestuta utziko dute.
  • Urriaren 28ko 22:00etatik urriaren 31ra 06:00etara: zoladura berregingo dute. Konponketa horiek egin bitartean ere errei bat moztu beharko dute, behin-behineko semaforo batekin.

Iaz jakinarazi bezala, udalak arreta jarria zuen, besteak beste, Kalezarko Belmonte kaletik N634 errepidea bitartean dauden etxebizitzetan. Matiaren zaintzadun etxebizitzen auzunearen lanek aukera eman diote udalari zati horren saneamendua hobetzeko. Orain arte, euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak: ur zikinak Añarberen kolektorearekin lotuko dira, eta euri urak Oriara bideratuko dira.

Lanak bi fasetan egingo dituzte. Batetik, Matiak Ugaldearaino eramango du hoditeria berria, eta handik aurrerako lanak udalak egingo ditu; biak bata bestearen atzetik egin daitezen saiatuko dira.