Eduki publikatzailea

Atzealdea Berritze prozesuan baztertzekoak diren altzariak emango dizkio Urbil merkatalguneak udalari

Urbil merkatalgunea berritzen ari dira, eta, besteak beste, ostalaritzako aulkiak eta mahaiak ere ordezkatu egingo dituzte: orain arte erabilitakoak egoera onean daudenez, udalari eskaini dizkiote, behar duenerako erabil ditzan.

2024·02·08


Urbil merkatalguneak hainbat aulki eta mahai emango dizkio udalari, dohaintzan, behar duenerako erabil ditzan. Urbil berritze prozesuan murgilduta dago, eta, besteak beste, ostalarien guneko aulkiak eta mahaiak ordezkatu egingo dituzte: orain arte erabilitakoak egoera onean daudenez, Usurbilgo Udalari eskaini dizkiote, behar duenerako erabil ditzan. Merkatal gunean izan da Ainhoa Arrozpide ingurumeneko eta zerbitzuetako zinegotzia Leyre Lobato Urbilgo gerentearekin, altzarien dohaintzaren berri emateko.

Altzariak udalari lagata, 12. Garapen Jasangarrirako 12. Helburua babestea izan du Urbilek helburu, ekoizpenari eta kontsumo arduratsuari dagokiona, ondasun horien bizitza erabilgarria luzatuz eta ekonomia zirkularra sustatuz. Usurbilgo Udalak ere urte asko daramatza hondakinen kudeaketa arduratsua lantzen, eta zentzu horretan, Urbilek altzariak eskaini zizkionean ez zuen zalantzarik izan, eta berehala onartu zuen. “Berrerabilpenean sinisten dugu, eta altzarion bizitza luzatuko dugu”, nabarmendu du Arrozpidek. Lobatoren esanetan, merkataritza gunea berritzeaz gain, praktika arduratsuak ere sustatu nahi dituzte modu honetara. “Pozik gaude dohaintza honek komunitatean izango duen eraginarekin: aurrerantzean ere guztiontzako etorkizun kontziente eta jasangarriagoa sustatzen duten ekimenetan lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu”, adierazi du Lobatok.

Jasotako altzari kopuruaren arabera, udalak herriko ekipamendu publikoetan banatzeko asmoa du. Oraingoz, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitariora bideratzea lehenetsi da, eta hango beharrak asetakoan, gainerako ekipamenduetara joko dute.