Eduki publikatzailea

Atzealdea Berdeguneen lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzua hobetzeko mozioa onartu zen, osoko bilkuran

Bi eskaera bideratuko dira, mozioaren bidez: parke, berdegune, bidezidor eta oinezkoentzako pasealekuetako lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzuaren baldintzak berrikustea eta eguneratzea eta 2026ko aurrekontuetan zeregin horretarako partida handitzea. EAJ-k eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen.

2025·09·29


Berdeguneen lorezaintza, inausketa eta mantentze lanen inguruko mozio bat aurkeztu zuen EAJ-k, iraileko osoko bilkuran, eta onartu egin zen: EAJ-k eta PSE-EE-k alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen. Testuan esaten denez, udan “agerian” gelditu da egindako lanak ez direla egokiak izan “benetako beharrei, ezta herritarren eskakizunei ere” erantzuteko.

Testuan jasotzen denez, “jarduera egokirik ez burutzeak ekidin zitezkeen egoera desberdinak eragin ditu”: “Belarrak eta sasiek gehiegizko tamaina hartu dute, mugikortasuna eta oinezkoen pasabidea zainduz, hiri-altzarien erabilera oztopatuz eta espazio jakin batzuetan osasungarritasun-arazoak sortuz: zikinkeria, intsektu edo bestelako animalien agerpena”. Zentzu horretan, behar bezala mantentzea funtsezkoa dela nabarmentzen da, “udalerriko bizi-kalitatea, segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko”.

Egungo kudeaketa eredua berrikusi eta indartzeko beharra nabarmentzen da, eta ezinbestekotzat jotzen da neurri zehatzak hartzea: “Lanen maiztasuna, eremu periferikoetako jarduketen intentsitatea eta zerbitzuaren eraginkortasun orokorra hobetzeko, baliabide propioekin, udal-brigadaren bidez edo externalizatutako zerbitzuen bidez, eta interesgarri izan daiteke beste udalerri batzuetan aplikatutako jardunbide egokiak ere erreferentziatzat hartzea”.

Gauzak horrela, bi eskari egiten dira, mozioaren bidez:

  • Usurbilgo Udaleko Udalbatzak gobernu-taldeari eskatzen dio berrikusi eta eguneratu ditzala parke, berdegune, bidezidor eta oinezkoentzako pasealekuetako lorezaintza, inausketa eta mantentze zerbitzuaren baldintzak, dela baliabide propioekin, dela kanpora ateratako zerbitzuen bidez, honako hauek gehituz: lanetan maiztasun handiagoa, udalerriko eremu periferikoetan intentsitate handiagoa eta plangintza, kontrol eta jarraipen lanen hobekuntza.
  • Usurbilgo Udaleko Udalbatzak erabakitzen du 2026ko udal-aurrekontuan lorezaintzarako, inausketarako eta berdeguneak mantentzeko partida ekonomikoak handitzea, zerbitzua handitu eta hobetzeko beharrari aurre egiteko. Konpromiso hori urte anitzekoa izan dadila.

Ainhoa Arrozpide zinegotziak belar mozketa nola kudeatzen den azaldu zuen, eta nabarmendu mekanizazioan pausoak ematen ari dela udala, langile kopuru berarekin eremu gehiagotara iritsi ahal izateko. “Bizi-kalitatea, osasungarritasuna eta abar aipatzen dituzue, baina ez dut uste halako arriskurik dagoenik Usurbilen: estetika izan daiteke, baina arriskurik ez”. Gaineratu duenez, ez da gaiaren inguruko kexarik erregistratu orain arte udalean, eta, haren iritziz, halako eskaerek ez lukete mozio forma hartu behar: “Kexak erregistrotik sartu behar dira, hori baita herritarrek erantzuna jasotzeko modua: guk hala esaten diegu herritarrei, hurbiltzen direnean. Kexa bakoitza mozio bidez lantzea ez dut uste gaiak lantzeko modurik eraikitzaileena denik”. Gaineratu duenez, mozio bat idatzi aurretik bestelako guneetan landu daitezke gaiak: teknikariekin, zinegotziekin edo lantaldeetan. “Hurrengo batzordera neronek eramango dut gaia. Halako kexa bat mozio batera eramatea eta komunikabideetara jotzeak beste intentzionalitate bat du, eta uste dut horrelaxe egongo garela hauteskundeak bitartean”.

EAJ-k komunikabide eta sare sozialetan zabaldu duen argazkia non aterea den aztertzen aritu da udala, Arrozpidek kontatu duenez: “Udal zerbitzuen esanetan, hau Zubietan dago, Learritzako bidegorrian: Zubietan belarra oso hazita dago, hain justu, Donostiak moztu beharko lukeen lekuan”.

EAJko zinegotzi Ivan Iriondok nabarmendu zuen kexa batzuk jaso zituztela eta horregatik aurkeztu dutela mozioa: “Badirudi fede txarrez ari garela, baina gure betebehar politikoa da oposizio eraikitzaile bat egitea”. Argazkia, “agian”, Zubietakoa eta Donostiaren aldekoa bada ere, arazoa “herri osoan” izan dela baieztatu zuen.

PSE-EEk, bere aldetik, egiten diren eskariekin ados dagoela esan zuen, eta horregatik emango zuela mozioaren aldeko botoa.

Mozioa, osorik (PDF): hemen.