Albisteak
Atzealdea

Behin betiko onartu dute Zapategi industrialki garatzeko hirigintza hitzarmena

Iraileko osoko bilkuran onartu zuten, hasieraz, udalak, Michelinek, Gureak-ek eta Balferren artean lortutako ituna: ez du alegaziorik jaso jendaurrean egon den tartean.

2021·12·27


Behin betiko onartu dute Zapategi industrialki garatzeko udalak, Michelinek, Gureak-ek eta Balferrek adostutako hirigintza hitzarmena, abenduko osoko bilkuran. Iraileko bilkuran onartu zuten hasieraz eta aho batez, eta jendaurrean egon den tartean ez du alegaziorik jaso. Hala, abenduko bilkurari zegokion behin betiko oniritzia ematea, eta halaxe egin dute, aho batez.

Akordio honek 2018ko urrian udalak, Gureak-ek, Elkar Fundazioak eta Michelinek adostutako hitzarmena indargabetu eta ordezkatuko du. Izan ere, Covid19ak eragindako krisiak Elkar proiektutik ateratzera behartu zuen. Osasun krisiak gogor jo zuen euskal kultura, Elkar bera, eta hori izan zen akordiotik kanpo gelditzeko arrazoia. Izatez, osasun krisiak orokorrean baldintzatu du testuinguru sozioekonomikoa, eta, hori dela eta, garaiari egokitutako hitzarmena adostu dute, ekonomikoki bideragarriagoa izan dadin. Honakoak dira akordioaren gakoak:

  • Eremu osoaren azalera: 114.757,86 metro2 dira.
  • Kontsolidatu egiten du Michelinek erabiltzen duen lurzorua, pneumatikoak fabrikatzeko erabiltzen dena: 70.096,39 metro2 hartzen ditu area horrek. Hirigintza eraikigarritasuna 46.592 m2 dira.
  • Beste arean kokatuko dira Gureak eta Balferren bidez etorriko den enpresa (edota enpresak). 50.164,32 metro2 dira. Hirigintza eraikigarritasuna 32.965 m2.
  • Aurreko proiektuarekin alderatuz, nabarmen murriztu dira eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak.
  • Erabilera industrialerako eremua izango da.
  • Hitzarmenean oinarrizko hirigintza zehaztapenak jasotzen dira, gero Arauen Aldaketa Puntualarekin garatuko direnak. Oinarria oso ondo zehaztuta geratzen da.
  • Ez da poligono industrial itxia izango: trama urbanoan integratuko den espazioa izango da. Erabilera desberdinak bildu nahi ditu, pertsonen joan-etorria bultzatzen du, irisgarritasuna eta genero ikuspegia aintzat hartzen ditu, eta baliabide naturalak modu harmonikoan zaintzen ditu. Espazio pribatua eta publikoa orekatzeko ahalegina ere egin da.
  • Hitzarmenean zehaztuta utzi dute zenbatekoa izan behar duen %15aren lagapenak, komunitateak hirigintza ekintzak sortutako gainbalioetan duen partaidetzagatik. Hala, Lurzoruaren Legea oinarri, eta kontuan izanik ezin zaiola udalari adjudikatu partzela eraikigarri baten jabari osoa, eskudiruzko ordainketa egingo da lagapenaren ordez. Lagapenaren zenbatekoa 861.189 € izango da.
  • Halaber, urbanizazioaren mantenurako Kontserbazio Junta bat osatzea ere adostu dute, 20 urterako.