Eduki publikatzailea
Atzealdea Beharrezkoa da
2020·04·01
Egunotan darabilkigun informazio erauntsiaren artean, Pepe Mujika handiaren honako esaldi hau nabarmendu nahiko nuke: "Ez dut uste gerra egoeran gaudenik. Gerra gizakiek asmatu zuten gauza bat da. Birusa biologiaren desafio bat da, guri gogorarazteko ez garela iruditzen zaigun bezain munduaren jabe absolutuak. Borroka horiek beti egon dira gauza bizien artean. Gizakiok gara gehiago suntsitzeagatik suntsitzea gustatzen zaigun animalia bakarrak ".
Koronabirusaren jatorriaz hamaika espekulazio egin dira. Ez dut asmorik horretan sakontzeko, baina aitortu behar dizuet beldurtuta naukala egoera honek hartzen ari den jite belizistak. Ikusezina den birus bati gerra deklaratu diote, hizkuntza belikoa ahotan hartu, eta Euskal Herriaren alde honetan Espainiako armada jarri dute lehen lerroan: militarrek ematen dituzte prentsaurrekoak, militarrak kalean zehar... Militarizazioa normalizatzeko saio honetan, udalotan Denis Itsasoren, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren, gutuna jaso berri dugu militarren laguntza eskainiz. Hori guztia gutxi ez, eta toki batzuetan bizilagunei jendea salatzeko gonbidapena egin zaie.
Mertxe Aizpuruak, Usurbilgo alkate izandakoak, Espainiako Kongresuan esan berri du ez dela gerra baterako prestatu behar, bizitzarako baizik. Eta bizitza gastu publikoarekin bakarrik defenda daitekeela osasungintzan, hezkuntzan edota ikerketan inbertituz. Arrazoi osoa du. Hau ez da guda bat; pistolekin ez dute ezer konponduko. Isunekin eta poliziaren jazarpenarekin konponduko ez den bezalaxe. Ez da militarren momentua, ez da isunak jartzeko momentua; elkar zaintzeko momentua da.
Orain helburua bizitzak zaintzea da. Bizitzak salbatzea. Guztion bizitza. Horixe izan beharko luke guztion lehentasuna. Udalok hor jarri dugu arreta lehen unetik, beste inoren zain egon gabe, herritar denen, eta, batez ere, kolektibo zaurgarrienen oinarrizko behar sozialak bermatu ahal izateko. Egoera zail honetan, ezinbestekoa da administrazio publikoa herritarren beharrei erantzutea. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da, herritarren parte-hartzea ahalbidetuz eta erraztuz, sare komunitarioak eratzea, erantzunkidetasuna sustatzea, eta elkartasuna oinarri, lankidetza garatzea. Norabide horretan, izugarria da usurbildarrek erakutsi duzuen prestutasuna, eskuzabaltasuna eta laguntzeko gogoa. Ez dut hitzik nire miresmena adierazteko.
Halaber, hau guztia ez litzateke posible izango Usurbilgo Udaleko langileen konpromisorik gabe. Horregatik, lerro hauen bidez nire esker ona eta omenalditxoa egin nahi diet Usurbilgo Udaleko langile guztiei, eta, bereziki, Gizarte Zerbitzuen alorrekoei, idazkariari, garbitzaileei, kontu-hartzaileari, udaltzainei, brigadari, ingurumen-teknikariari, hondakin biltzaileei, enplegu teknikariari, komunikazio-arduradunari... Funtzio publikoa ondo baino hobeto barneratuta duten langileak ditugu udalean; langile konprometituak, herri konprometitu honekin.
Pepe Mujikak dio desafio baten aurrean gaudela. Koronabirusak sistema hau biluzik utzi du: gizarte honen kontraesan sakonak, gabeziak, zelofanak, ezaugarriak... Balia dezagun, beraz, desafio hau txarrenetik onena ateratzeko, eta bihur ditzagun egunotan nagusitzen ari diren balore on horiek etorkizun hobe baten zimendu. Beste eredu eta mundu bat posible izateaz gain, beharrezkoa delako.
Zaindu gaitezen, zaindu zaitezte, eta elkarrekin aurrera egingo dugu, lortuko dugu!