Albisteak
Atzealdea

Basoen inguruko lanketa egingo dute Eskolako Agenda 2030 programaren barruan

Ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egingo dute ikasturte honetan.

2020·11·23


Iraunkortasunaren inguruko Eskolako Agenda 2030 programaren barruan lehorreko ekosistemetako bizia izango dute abiapuntu Udarregi ikastolan. “Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarriak erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea”. Aurten, zehazki, basoen inguruan arituko dira.

Basoarekin lotuta, ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egingo dute: “Zer da baso bat? Zertzuek osatzen dute basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso dauden herri eremuan? Zein kontserbazio mailatan? Eta bere kudeaketa? Galdera ugari ikastetxeko eta herriko argazkia egiteko”.

Izan ere, orain arte Agenda21 gisa ezagutua Eskolako Agenda 2030 bihurtu da. NBE Nazio Batuetako Erakundeak adostutako garapen iraunkorreko 17 helburuetan oinarritzen da programa berria, NBEko kide diren herrialdeek 2015eko irailaren 25ean onartu zituztenak. Lehorreko ekosistemetako bizia helburu horien guztien artean hamabosgarrena da. Usurbilgo Udalak bultzatu eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak garatzen du programa hau Udarregi ikastolako lehen hezkuntzako ikasle eta irakasleekin batera.