Eduki publikatzailea

Atzealdea Banda zabala landa eremuan

2023ko abenduko Udalberrin argitaratutako zutabea, banda zabala landa eremura helarazteko lanez.

2023·12·22


Aurreko legealdiaren hasieran, 2020ko urtarrilean, orduko Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok banda zabal ultra azkarraren inguruko lan-saio batera deitu gintuen alkateoi, Tolosan. Hona, hitzez hitz, foru arduradunek adierazi zigutena: “2023rako, Gipuzkoako landa eremuko baserri guztietara banda zabalarekin heltzea da helburua, baserria edonon egonik ere, eta diskriminaziorik ez egitea, ez teknologia mailan, ezta prezioan ere. Landa eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten bizitzeko eta lan egiteko baldintza berak izatea bilatu nahi da, hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz, eta landa ingurunea erakargarri izan dadin, biztanleriari eutsiz. Horrek esan nahi du, besteak beste, Errezilen bizi denak Donostiako Avenidan bizi denaren pareko internet konexioa edukitzea”.

Banda zabalaren onuren artean, Interneterako sarrera konexio ultra azkarra (300 mega segundoko), telebistaren definizio altua eta bideozaintza zerbitzua nabarmendu daitezke, besteak beste. Udaloi lankidetzarako deia egin ziguten, bai kudeaketa lanetan bai finantzaketan, “konplexutasun tekniko, administratibo eta ekonomiko handiko” proiektua zela argudiatuta. Aukera horri heltzea erabaki genuen, banda zabala herriko baserri guztietara ailegatzeko aukera ematen zigulako, eta finantziazioan laguntzeko borondate osoa izan dugu hasieratik.

Bereahala, Foru Aldundiak landutako lehen mapan hainbat eta hainbat baserri falta zirela jabetu ginen: aldundiari jakinarazi genion zeintzuk diren banda zabalik gabeko eremuak, eta hori konpontzeko prozedura abia zezan eskatu genion. Beharrezko azpiegitura falta duten 75 etxebizitza identifikatu genituen, eta horien berri eman genion diputazioari: euskadibandazabala.eus/ webgunean ikus daiteke zein den banda zabalaren egoera gure udalerrian, eta noizko egon beharko lukeen hedatuta. Zenbaiten kasuan, 2023ko abenduaren 24rako beharko luke amaituta; besteen kasuan, urtebete geroago.

Egoera, ordea, ez da horrela. Tartean, eskumenak argudiatuta, Foru Aldunditik bideratu behar zutena, Espainiako Gobernutik bideratzen hasi ziren. 2022 urtean zehar, lanok egiteko baimenak eskatu izan dituzte udalean, eta udalak lizentziak eman eman ditu; aldiz, obrak ez dituzte hasi, eta luzapenak eskatu dituzte.

Urtea amaitzear dela-eta, udaletik harremanetan jarri gara, lanak noiz hasiko diren galdetzeko eta presio egiteko: hartu-eman horien ondorioz, aste honetan bertan adierazi digute datorren urte hasieran hasiko dituztela. Zinez espero dugu hala izatea. Instalatzaileak etortzen direnean, baserri guztietara bisita egiteko asmoa dugu: azpiegituraren gaineko azterketa egingo da beraiekin in situ, banda zabala baserri guztietara ailegatzea baita helburua. Ea urte berriak albiste onak ekartzen dizkigun! Hala izan dadin eragiten jarraituko dugu, azpiegitura hau herriko txoko guztietara irits dadin.