Eduki publikatzailea
Atzealdea Bakardade ez hautatuaren inguruko pertzeptzioa jasoko du udalak, galdetegi baten bidez
2025·03·26

Herritarrek bakardade ez hautatuaren inguruan duten pertzeptzioa jaso nahi du udalak, eta galdetegi bat prestatu du horretarako. Zaintza ekosistemaren lanketatik sortu da gaia aztertzeko beharra, eta lehenengo urratsa herritarren ikuspuntua jasotzea izango da. Galdetegiak anonimoak izango dira, eta Internet bidez edo paperean erantzun ahal izango dira: etxez etxe banatuko da, Udalberri aldizkariarekin batera. Papereko erantzunak herriko hainbat udal-ekipamendutan eta merkataritza lokaletan utzi ahal izango dira, apirilaren 16ra bitartean.
Herrian auzo-zaintza proiektu bat martxan jartzeko asmoa du udalak, eta Zabalduz kooperatiba kontratatu du zeregin horretarako. Izan ere, pandemiak lehendik zegoen kezka bat agerian utzi zuen: egungo zaintza sistema ez dela gizartearen eraldaketara egokitu, eta, beraz, ez dela gai zaintza egoki bat emateko. Eraldaketa horren adierazle dira familia ereduen aldaketa, emakumearen lan munduratzea, indibidualismoa, landa-eremuen despopulazioa, eta abar. Hori ikusita, pandemian bertan jarri zen martxan, Usurbilen, zaintza eredu berri bat eraikitzeko lanketa.
Covid19-aren itxialdian, agerian gelditu zen asko zirela herrian bakarrik bizi diren adineko pertsonak, eta, besteak beste, telefonoz deitu zien udalak 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi ziren herrikideei, zer moduz zeuden galdetu eta euren beharrak ezagutzeko. Zaintza eredu berri baten beharra nabarmen geratu zen orduan, eta horri erantzuteko modu gisa auzo-zaintza sareak sortzeko aukera jaso zuten.
Orain, proiektua definitu aurretik, herritarrek bakardade ez hautatuaren inguruan duten pertzeptzioaren berri izan nahi du udalak. Galdetegiez gain, elkarrizketak ere egingo dira herriko hainbat eragilerekin. Informazio hori guztia aztertu eta ondorioak aterako dituzte, gero, zein behar dauden ezagutu eta beharrezkoak diren esku hartzeak planifikatzeko.
Hasiera batean, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jartzea da asmoa, auzo batean: komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialitatea aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena baloratzea. Hala ere, ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera. Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da.
Galdetegiak uzteko kutxen kokapena: udaletxea, Potxoenea, kiroldegia, Emakumeon Etxea, osasun zentroa, Artzabal, Opil Goxo, Otar-Goxo, Kaffa kafetegian, Laurok, Arruti harategia, Aginagako eta Santueneako jubilatuen elkarteak, Egurtzegiko taberna, Zubietako Alamandegi taberna, Esnaola janari denda.
