Albisteak
Atzealdea

Azken ikasturtean egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute Agenda21 programako ikasleek udalean

Osasun krisia dela eta, modu telematikoan egingo dute aurkezpena: hilaren 15ean bilduko dira Lehen Hezkuntzako ikasleak alkatearekin eta udaleko ingurumen teknikariarekin.

2020·06·10


Udarregi ikastolako Lehen Hezkuntzako 400 ikasle inguruk parte hartu dute aurten EA21 programan: hala izan da, behintzat, ahal izan duten bitartean. “Baina Covid19a etorri da gure artera, eta dena hankaz gora jarri du: ezin izan dugu ikastolara itzuli, eta EA21 programa martxora arte landutako lekuan geratu da”, azaldu dute. Hala ere, ordura arteko lanaren emaitzak bildu, eta alkateari eta udaleko ingurumen teknikariari aurkeztuko dizkiete, telematikoki, hilaren 15ean.

Klima aldaketa izan dute ardatz azken ikasturtean, eta sentsibilizazio jarduerak egin dituzte, batik bat. Klima aldaketa zer den, zein eragin dituen eta arazoaren kontzientziazioa izan dituzte ardatz, besteak beste. Aldi berean, barne diagnostikoa egin du ikastolak ere, gaiak ikastolaren egunerokoan duen presentziaz hausnartzen, eguneroko kontsumoak zein eragin izan dezakeen, eta abar. Sortutako materialarekin ikastolako Txoko Berdea elikatu dute. Horrez gain, energia berriztagarrien inguruan ere lanean aritu dira azken hiruhilekoan eta, etxean, konfinamendu garaian egindako tramankulu batzuen bideoak ere ikusgai izango dituzte.

Ikasturtearen azken partean maila desberdinetako ikasleak elkartu, eta egindako lana bateratzen dute, eta, azkenik, udalean aurkeztu ohi dituzte emaitzak, txosten bakarrean. Ezohiko moduan bada ere, aurten ere horixe bera egingo dute, baina telematikoki. “Ea hurrengoan aurrez aurre lan egin dezakegun!”.