Eduki publikatzailea
Atzealdea Azaroaren 7an izango da Mundualdia, Usurbilgo jatorri aniztasunaren festa
2026·10·26

Mundualdia, Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko festa, azaroaren 7an izango da, Usurbilgo frontoian. Ohiko programazioa aurreikusi da, egun osorako: goizean, familia plana izango da, Zirimararen eskutik, eta, arratsaldean, ohiko jaki dastaketa eta musika izango dira; aurten, Kolonbiako doinuekin girotuko da frontoia.
Urtean egun batez, herriko jatorri aniztasuna herriaren erdigunean jartzen du Mundualdiak: aisia, gastronomia eta musika uztartuta, jatorri desberdinen arteko herritarren topaketa eta elkar ezagutzea bultzatzea du helburu. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu da. Batetik, familia plana izango da, goizean, Zirimararen eskutik: bertako eta hainbat jatorritako familiek jolas egingo dute, elkarrekin, 10:00etatik aurrera.
Bestetik, jakien ohiko dastaketa egingo da, frontoian, 18:00etatik aurrera. Hogei postu inguru aurreikusten dira aurtengo hitzordurako: Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania eta Kolonbiakoak izango dira, besteak beste. Bi edo hiru herrialderen arteko postuak ere izango dira: Kuba, Ukraina eta Euskal Herria elkartuko dituena batetik, eta Polonia eta Argentina batuko dituena, bestetik.
Dastaketaren ostean, Kolonbiako musikarekin eta dantzekin girotuko da frontoia. Bi taldek parte hartuko dute: Walter Sanchezek saltsari gorazarre egingo dio, eta Asociación Cultural Integración Sin Fronteras elkarteak dantza kolonbiarren erakustaldia eskainiko dute.
Heriotza eta kulturartekotasunaz, azaroaren 5ean
‘Komunitatetik, heriotzaz’ zikloaren hurrengo saioak heriotza eta kulturartekotasuna uztartuko ditu, azaroaren 5ean; gaztelaniaz izango da, Sutegin, 18:00etatik aurrera. Lehenik, gaian aditua den Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasleak gaiaren inguruko sarrera eta kokapena egingo du. Ondoren, solasaldia izango da: Argeliako, Saharako, Euskal Herriko eta Venezuelako herritar banak parte hartuko dute, Trapezistak programako arduradun batek gidatuta.

