Eduki publikatzailea

Atzealdea Azaroaren 2an irekiko dira kiroldegiko igerilekua eta sauna, ondo bidean

Zenbait lan falta badira ere, martxa onean doaz kiroldegiko obrak. Uretako ikastaroetako izen-ematea urrian izango da.

2026·09·04


Azaroaren 2an irekiko dira kiroldegiko igerilekua eta sauna, ondo bidean. Obren jarraipen bisitan izan dira gaur udal-ordezkariak, lanak esleitu zitzaizkion Igez Eraikuntzak enpresako ordezkariekin batera. Irekitzerako uretako ikastaroen izen-ematea prest uztea da asmoa: eskaintza itxitakoan emango da data zehatzen berri, baina urrian izango dela aurreikusi du Kirol sailak.

Kiroldegiko saunan piztu zen sua, 2025eko abuztuaren 27an, eta kalte material nabarmena eragin zuen. Aldamenean daude sauna eta igerilekua, eta horiek izan ziren eremu kaltetuenak. Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz. Udalak egindako azterketak 641.000 euroan baloratu zituen kalteak. Obrak egin ahal izateko prozedura ahalik eta gehien azkartzeko, eta horretarako gaitasun ekonomikoa zeukalako, 641.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen urriko osoko bilkuran: udalaren aseguruak osorik finantzatuko du obra.

Maiatzean hasi ziren sutearen kalteak konpontzeko obrak. Esleipendunek azaldu dutenez, azpiegiturak izan ziren kaltetuenak sutean, eta horrek eskatu die lan gehiena. Obrak urriaren hasieran amaitzea espero dute, eta, ondoren, irekiera prestatu behar da, baldintza guztiak betetzen direla bermatzeko. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 2an irekiko dira bi eremuak, batera.

Bitartean, 2026-2027 ikasturterako kirol ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, irailaren 6ra arte: galdetegia beteta egin daiteke.