Eduki publikatzailea
Atzealdea Azaroaren 25eko adierazpena, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren harira
2025·11·25

Komunitateak indarkeria matxistari izan dezakeen garrantzia nabarmendu dute, aurten, Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren inguruko adierazpenean: aho batez onartu zuten adierazpena urriko osoko bilkuran. Indarkeria matxistaren bidez sortzen den beldurrezko eta lotsazko inguruneak indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, erasotzaileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotuz. Egoera horiek areagotu egiten dira isolatuen egon daitezkeen emakumeentzat, sarerik izan ez edo komunitatean sustraituta ez egoteagatik, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasunen bat duten emakumeak, emakume atzerritarrak edo bestelako baldintza batzuk dituztenak.
Hala, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortuz, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenei tokirik utzi gabe. Era berean, auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak indarkeria egoerez goiz ohartaraz dezakete. Horrez gain, komunitate feministak, hurbiltasunez eta ahizpatasunez, indarkeria jasaten ari diren emakumeak “gorputzez” babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza eskaini ere. Biktimen erreparazioa ere babes dezake, eragindako kaltea aitortuz eta indarkeria matxista salatuz eta biktimarekiko eta haren inguruarekiko elkartasuna erakutsiz.
Adierazpena onartuta, Usurbilgo Udalak zenbait konpromiso hartzea adostu dute:
- Hurbiltasun-sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Kanpaina eta kuadrillekin aliantzak garatzea sexuen arteko harreman osasungarri eta bidezko kodeak sortzeko, dibertsitate osoan, kode matxistak eta misoginoak hausteko.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
Adierazpena, osorik: hemen.
