Eduki publikatzailea
Atzealdea Azaroak 25
2024·11·18
Azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dugu, eta horren harira, urriko osoko bilkuran, alderdi politiko guztien adostasunez, adierazpen instituzionala onartu genuen. Aurten arreta berezia jarri nahi izan dugu, ultraeskuinak hauspotuta, indarkeria matxista ukatzeko geroz eta maizago entzuten eta ugaritzen ari diren diskurtso ukatzaileetan. Larria da egoera, izan ere, emakumeen eskubideetan aurrera egin ahala, eta feminismoa indartu ahala, sortzen ari den erreakzioaren erakusle da: emakumeen aurkako indarkeria ukatu ez ezik, berdintasun politikak urrunegi iritsi direnaren edota lege aldaketen biktimak gizonezkoak direnaren ustea zabaltzeraino. Mezu horiek mutil gazteengan sarbide erraza izaten ari direla diote azterketa soziologikoek, batez ere, sare sozialen erabilerak eraginda. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute misoginiaren normalizazioagatik.
Haatik, datuek bestelakoa diote: emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazoa da, eta egiturazkoa den neurrian, gure herria ez dago horretatik salbu. Herriko emakume askok jasaten dute indarkeria, izan etxean, izan lagunartean, izan lantokian. Azken egunotan agenda informatiboaren lehen lerroetan egon dira Iñigo Errejon Madrilgo politikariak egin sexu eraso kasuak, eta, tamalez, jakin badakigu geurean ere badirela antzeko portaerak dituzten gizonezkoak, bai eta portaera matxista horiei garrantzia kentzen, ukatzen edota normalizatzen saiatzen diren gizonezkoak ere.
Egoera honen aurrean, indarkeria matxistaren biktimen arretarako erakundeen koordinaziorako protokoloa eguneratzeari ekin dio udalak, Sortzen aholkularitza zerbitzuaren laguntzarekin. Udaleko Parekidetasun saila, Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta ordezkari politikoez gain, herriko anbulatorioa, Osakidetza eta Ertzaintza ere parte hartzen ari dira. Herriko zenbait eragile ere gonbidatu ditugu bertan parte hartzera, batik bat, mugimendu feminista eta hezkuntza komunitatea. Lanketa honetatik aterako den protokoloak lantresna eraginkorra izan nahi du, indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala bermatzeko, eta, batez ere, emakume horien erreparazioan sakontzeko. Oraindik ere, asko dugu egiteko indarkeria oro desagerrarazteko eta Usurbil berdinzaleagoa eraikitzeko. Zutabe hau baliatu nahiko nuke Azaroaren 25aren harira egingo diren mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzeko deia egiteko.