Eduki publikatzailea
Atzealdea Autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeari buruzko mozioa onartu da, osoko bilkuran
2026·02·05

Autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeari buruzko mozioa onartu da, Usurbilgo EAJk aurkeztuta, urtarrileko osoko bilkuran. Horren arabera, udalak hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, udal ordenantza espezifiko bat idazteko edo indarrean dagoen ordenantza egokitzekoa. Bozketan, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen proposamenak, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen.
Mozioan adierazten denez, “nabarmen” handitu da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen erabilera, mugikortasun eredu eta turismo ibiltari gisa, eta horrek “elkarbizitza erronka planteatzen du”, testuaren esanetan, “espazio publikoaren erabilerari eta ingurumen-kudeaketa egokiari lotutakoa, eta honek udal mailako erantzun orekatu bat eskatzen du”. EAJren esanetan, arazoa bereziki Olarriondo inguruan ari da gertatzen, baina lehendik ere pairatu izan dute Errekatxikin, Ariztitxon edo Alperroburu kalean. “Erregulazio argirik ezean”, “gatazka errepikakorrak” sortzen direla ohartarazten da mozioan, eta, beraz, Usurbilgo Udalak ere gai horri eustearen beharra adierazten da.
Udal-gobernua ados azaldu da gaia lantzearekin, eta, izatez, udala jada horretan ari dela nabarmendu zuen: azaroan gaia lantzen hasi ziren Lurraldea lantaldean. Haren esanetan, egoeraren azterketa egitea da asmoa, araudia osatu aurretik. Era berean, azaldu zuen oraingoz ez dela kexarik izan, erregistro bidez, gai horren inguruan, eta ez duela uste, gaur-gaurkoz, arazo izatera iritsi denik, eta, beraz, eskaerak mozio izaera izateko gaia ere ez dela.
Onartu ziren erabakiak:
- Usurbilgo Udalak adierazten du borondatea duela autokarabanen aparkalekuaren fenomenoari erantzuna emateko; ikuspegi errealista batetik, bizikidetza bermatuz eta juridikoki sendo, espazio publikoaren erabilerarako eskubidea eta hiri-ingurunearen babesa zein herritarren bizi-kalitatea bateragarri eginez.
- Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du udal-ordenantza espezifiko bat idazteko edo indarrean dagoen ordenantza egokitzeko, udalerrian autokarabanen aparkalekua arautzeko, gutxienez ondorengo irizpideak jasoz:
- Zehazten diren guneetan aparkatzeko denbora-mugak ezartzea, txandakatzea edo errotazioa sustatzeko eta aparkaldi luzeak saihesteko.
- Arau-hausteen eta santzioen erregimena portaera zehatzetan oinarrituta (espazio publikoaren okupazio desegokia, isuriak-hondakinak edo gehienezko denborak).
- Hartzen diren neurriek segurtasun juridikoa bermatzea.
- Udalak azterketa tekniko bat egingo du autokarabanentzako aparkaleku arautu bat edo gehiago prestatzeko aukera baloratzeko. Honen helburua izango da ibilgailu horien presentzia antolatzea, eragin negatiboak minimizatzea eta auzokideekiko bizikidetza hobetzea.
- Udalak seinalizazio egokia sustatuko du, eta beharrezko informazio-ekintzak burutuko, bai egoiliarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat, eta Udaltzaingoarekin koordinazioa indartuko du araudia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko.
Mozioa (PDF): hemen.
