Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurrekontu-proposamena aurkeztu du udal gobernuak Ogasun Batzordean, eta ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du

2018ko aurrekontuak gobernu programa du oinarri, eta 11.311.000 eurokoa izango da. Ez dela dokumentu itxia adierazi du gobernuak; aitzitik, oposizioaren eta herritarren proposamenak eta ekarpenak jaso nahi ditu. Horretarako, azaroaren 20tik 23ra bitarte batzarrak deitu ditu auzo guztietan.

2017·11·14


Gaur goizean egindako Ogasun Batzordean aurkeztu dizkie udal gobernuak datorren urteko aurrekontuak gainerako alderdi politikoei. Alaitz Aizpurua batzordeko buruak aurrekontu-zirriborroaren zertzelada nagusiak azaldu dizkie Josune Urkola EAJko zinegotziari eta Fermin Orue-Etxevarria PSEko zinegotziari. Aurrekontuak onartzeko egutegia adostu dute guztien artean. Hala, alderdi politikoek 10 eguneko tartea izango dute udal gobernuaren proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko, eta azaroaren 22ko Ogasun Batzordean jasoko dituzte. Ekarpenei tokia egiteko konpromisoa hartu du udal gobernuak, eta akordioetara iristeko borondatea agertu. Behin-betikoz abenduaren 19ko osoko batzarrean onartu nahi dituzte.

 

 

Alderdi politikoen ekarpenak jasotzeaz gainera, herritarrenak ere bildu nahi dituzte, eta horretarako datorren astean bilerak egingo dituzte auzoz auzo, zirriborroa aurkeztu eta herritarren proposamenak jasotzeko: lehen bilera azaroaren 20ean egingo dute Zubietan; hurrengo egunean, asteartearekin, Kalezarren eta Txokoalden; azaroaren 22an Santuenean eta Aginagan, eta, azkenik, azaroaren 23an, kaxkoan. Bestetik, udal langileei ere aurkeztuko dizkiete, azaroaren 23an egingo duten saioan. Udal gobernuak garrantzia handia ematen die bilera horiei, izan ere, euren ustez, usurbildar guztion artean landutako herrigintzak balio handiagoa du, gutxi batzuen artean egindakoak baino. Aurrekontuak herritarrekin eskuz esku lan eginez osatu nahi dituzte, “aurrekontuen bidez herritarren eta auzoen beharrei hobeto erantzuteko”.

 

 

Hamaika milioiko aurrekontua

 

2018ko aurrekontua 11.311.000 eurokoa izango da. Aurrekontuen bidez datorren urtean usurbildarron xoxak non eta zertan gastatuko ditugun erabakitzen da. Edozein kasu, udal gobernua ez da orri txuri baten gainean hasi lanean. Izan ere, aurrekontu hauen oinarrian gobernu programa dago, legealdi hasieran herritarrekin batera osatu zutena. Beraz, legealdi hasieran hasitako bidean egindako beste urrats bat da, norabide berean dihoana.

 

 

Aurrekontuen zerumugan herri jasangarria lortzea dago, izan ere, udal gobernu honentzat jasangarria ez da modako etiketa bat, udal jarduna zizelkatzen duen balorea baizik, ardatz nagusia. Oinarrizko irizpidea. Helburua argia da: gure ondorongoek guk jaso dugun herriaz gozatzeko aukera izatea. Herri jasangarria lortzeko, 2.600.000 euro bideratuko dira datorren urtean, eta aurrekontu osoaren %23,28 hartzen du. Diru partida horren baitan daude, hirigintza (aurrekontu osoaren %2,69), ingurumena (aurrekontu osoaren %8,59) eta zerbitzuak eta obrak (%12). Beste behin ingurumenak pisu nabarmena hartzen du diru kontuen banaketan, izan ere, hondakinen kudeaketa jasangarria lortzea da Udalaren asmorik behinena, eta datorren urtean bertan hasiko da Usurbil O.O egitasmoa martxan jartzen. Mugikortasun jasangarriaren norabidean, eta Kale Irekiak parte hartze prozesuak utzitako ondareari bide emateko, hainbat ekimen aurreikusten dira, bai eta, efizientzia energetikoaren bidean, argiteria publikoa kontsumo baxuko eta ingurumenari kalterik eragiten ez dioten LED argiekin ordezkatzen jarraitzea.

 

 

Herri nortasuna indartzea izango da udal gobernu honen beste lan lerro nagusietako bat. Alaitz Aizpuruaren esanetan, “jasangarritasuna izango da gure herriaren antolamendua gidatuko duen irizpide nagusia, eta euskara, kultura, aniztasuna, parekidetasuna, hezkuntza eta bizidetza ditugu gure nortasun ikur nagusiak”. Usurbildarren ezaugarri eta balore nagusiak izatea da euren helburua. Hala, ez da txikia asmo horretara bideratuko den dirutza, ia 1.200.000 euro, aurrekontu osoaren %10,33 hain zuzen ere. Atal horretan aipagarria da, esaterako, euskararen normalizaziorako ia 200.000 euro bideratzea (aurrekontu osoaren %1,76) eta kulturara, kulturalki herri bizia eta dinamikoa izaten jarraitzeko helburuz, 363.000 euro, %3,21. “Horrek erakusten du udal honek gure herriaren ikur nagusi diren euskara eta kultura indartzeko egiten duen ahalegina, porlanaren politika erdigunean jarri beharrean. Etorkizunean inbertitzen ari gara. Biak batuta aurrekontu osoaren %5 hartzen du, eta, esate baterako, hirigintzak, aldiz, %2,69. ”.

 

 

Inbertsio handia aurreikusten du, gainera, datorren urterako udalak kulturan, Zumarte musika eskola berritzeko lanak hasiko baititu. Bi milioi euroko inbertsioa izango da, eta lan horiek eragingo duten gastuei aurre egiteko, Udalak bi milioi euroko kreditua lortu du. Hamar urtetan ordainduko da.

 

Halaber, atal honetan azpimarragarria da hezkuntzak hartzen duen partida, izan ere, hezkuntza udal eskumena ez den arren, esfortzu handia egiten du udal honek eremu horretan: 526.000 euro bideratuko dira datorren urtean, aurrekontu osoaren %4,65, hain zuzen ere.

 

 

Ongizartea izango hirugarren lerro nagusia. Honelaxe ulertzen du udal gobernuak ongizartea: “Generoa edota jatorria edozein delarik ere, bazterketarik gabe eta askatasunez bizi ahal izango den Usurbil jasangarria dugu amets, ingurumenarekin armonian biziko dena, herritar eleanitzez osatua, eta bizikidetza eta kultur aberastasuna oinarri, euskaraz biziko dena. Balore horiek gure nortasun ikur bihurtuz, usurbildarrak Usurbilen hobeto bizi daitezen, osasuntsuago eta alaiago, zerbitzu egokiz hornitu nahi dugu gure herria, eta gure garapen ekonomikoa helburu horren zerbitzura jarriz”. Usurbildar guztiei, izan gazte izan heldu, bizi kalitate hobea eskaintzeko helburuz, 2.470.000 euro bideratuko dira datorren urtean, aurrekontu osoaren %21,85, zehatz esanda.

 

Atal horretan kirolak diru partida esanguratsua jasoko du. Izan ere, kiroldegia zaharberritzeko eta irisgarri egiteko plangintzak aurreikusten duen 2. fasea datorren urtean bertan burutuko da.

 

 

30 urte beteko ditu laster kiroldegiak. Zahartuta dago, eta premia handia dago instalakuntzak berritzeko. Gainera, ez da batere irisgarria, eta Udalak inklusibitatea eta herritar ororen aukera berdintasuna balore garrantzitsutzat ditu. Guztiok baitugu aisialdiaz eta kiroz gozatzeko eskubidea. Gainera, espazio arazoak ditu, erabilera handia baitu kiroldegiak. Gaur egun 2.557 abonatu ditu, hau da, biztanleriaren %41. Arazo horiei aurre egiteko, bigarren faseak jasotzen dituen lanei ekingo zaie datorren urtean: igerileku txikia irisgarri egin eta handitu egingo da, azpiko instalazio, tuberia, kaldera eta abarrak berritzearekin batera. Proiektu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, 247.800 euro, inbertsio osoaren %35. Gainerako guztiari Udalak egingo dio aurre, datorren urteko aurrekontuetan. “Ezin genion uko egin diru laguntza horri, eta, ondorioz, horrek gure asmoak aldarazi ditu, izan ere, obrak hasi eta amaitu datorren urtean egitera behartzen baigaitu”, azaldu dute udal arduradunek.

 

 

Egitasmo horiek guztiak aurrera eramateko, udal gobernuak argi du udal baliabideak herriaren zerbitzura jarri behar direla. Eta asmo horren isla da atal horrek duen aurrekontua: 4.900.000 euro, hau da, aurrekontu osoaren %43,33. Hiru eurotik bat pertsonalgo gastuek eragiten dute, arlo publikoari ematen zaion garrantziaren adierazgarri, eta kalitatezko zerbitzu publikoak usurbildarrei eskaintzeko helburuz.

 

 

Baina, Usurbil Euskal Herriri eta munduari begira ere badago, eta datorren urtean ere diruz lagunduko dira Euskal Herriaren nazio eraikuntza sustatzen duten proiektuak, Udalbiltza eta UEMA kasu, elkartasuna eta internazionalismoa oinarri duten egitasmoak, Euskal Fondoa, esate baterako.

 

Hemen ikusgai portzentaiak