Eduki publikatzailea
Atzealdea Atez ateko sistema egokituko du udalak kutsatuta edo berrogeialdian dauden etxeetan, igandetik aurrera
2020·03·20
Igande honetatik bertatik hasita, atez ateko sistema egokituko du udalak berrogeialdian edo isolatuta dauden etxebizitzetan. Kutsatuta dauden edo egon daitezkeen herritarren hondakinak gainerakoenekin ez nahasteko hartu dute neurria, birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko helburuarekin. Informazio guztia 669 87 40 22 telefonoan eskuratu ahal izango dute kutsatutakoek. Gainerakoan, ohi bezala jarraituko du gaikako bilketak.
Espainiako Gobernuak ere arreta jarria du hondakinen bilketan, zehazki, kutsatu diren edo isolamenduan dauden herritarren kasuetan: zenbait irizpide argitaratu zituen hilaren 17an, bilketa modu egokian egiteko.
Covid19 birusarekin kutsatuta edo berrogeialdian dauden etxeak zeintzuk diren jakitea berebizikoa da, horretarako. Udalarekin harremanetan jartzea eskatu dute, besteak beste, Datuen Babeserako Legea tarteko, udalak ezin dituelako datu horiek eskuratu beste bide batzuetatik. “Erantzukizunez jokatzea dagokigu denoi, eta herritarrei ere hala egin dezaten eskatzen diet: guztion osasuna da jokoan dagoena”, ohartarazi du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.