Eduki publikatzailea
Atzealdea Astigarragaren, Hernaniren eta Usurbilen hondakinen kudeaketa onean egindako ahalegina berretsi du Europako Zero Zabor Ziurtagiriak
2026·04·22

Europako Zero Zabor Ziurtagiriak berriz onetsi du Astigarragan, Hernanin eta Usurbilen hondakinak kudeatzeko egiten den lana. Astigarragak eta Hernanik izar berri bana lortu dute 2023an eskuratutako ziurtagiriaren berrikuspenean: hiru eta lau izar dituzte, hurrenez hurren. Usurbilen kasuan, duela hiru urteko mailari eutsi dio, eta orduan lortutako lau izarreko ziurtagiria jaso du orain ere. Astigarragako alkate Xabier Urdangarin Lasak, Hernaniko alkate Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateek elkarrekin eman dute albistearen berri, Hernanin.
Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da: Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakinerako trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu. Hirugarrenek egiten dute udalerrietako azterketa edo auditoria, eta bete beharreko eta baloragarri diren irizpideak aztertzen dituzte, behin betiko puntuazioak esleitzeko: gehieneko puntuazioa bost izarretakoa da.
Astigarragako, Hernaniko zein Usurbilgo udalek 2023an parte hartu zuten, lehenengo aldiz, Zero Zabor Udalerrien Ziurtagirian; ordurako zero zabor bidean hainbat ekintza eta ekimen gauzatuak zituzten, hiruek ere. Ziurtagiriak hiru urteko iraupena du, eta, beraz, berrikuspena egitea zegokien aurten. Hiruen kasuan, otsailean egin zituen azterketak Análisis Social y Medio Ambiente kooperatibak.
Astigarragak bi izar jaso zituen 2023an, eta bat gehiago lortu du aurten: pozik agertu da Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatea, eta Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, "udalerrian ditugun hondakinen eta baliabideen kudeaketa jasangarriagoa egiteko, hobetzeko eta konpromisoa bultzatzeko lagungarria delako".
2023an, Astigarragako Udalak hainbat konpromiso hartu zituen, eta horiek betetzeko ahalegina eta politikak gauzatu ditu, besteak beste, hondakinen prebentzioan, sentsibilizazioan, konpostaren sustapenean eta birziklapena sustapenean, baliabideen kudeaketa iraunkorrean ere arreta jarrita. Horrela, aurreikusitako erronketako batzuk lortu ditu, eta egindako azken auditorian maila igo du, hirugarren izarra lortuz.
Urdangarinen hitzetan, zero hondakinetarako bidea ez da soilik kudeaketa eredu bat, bizi filosofia bat baizik. Hondakin ahalik eta gutxien sortuz, produktuak murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz; kontsumoa birpentsatuz, ingurumenean duen inpaktua murriztea lortzen da. Hondakin kopurua murrizteko udalak eta herriko enpresek, establezimenduek eta herritarrek egindako lanaren eta ahaleginak emaitzak nabarmendu ditu. Horrekin lotuta, hondakinen bulegoaren garrantzia azpimarratu du: “Hondakinen bulegoa lan-egun guztietan irekita egoteak eta herritar zein enpresekin harreman zuzena izateak bere fruituak eman ditu. Herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko, ezinbestekoa da horrelako zerbitzuak eskaintzea”. Azaldu duenez, zero zabor filosofiarekin bat eginez, Astigarragako Udala lanean hasia da bi konpromiso sendoren inguruan; batetik, hondakinen udal ordenantza eguneratzea eta, bestetik, hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plana.
Hernaniren kasuan, duela hiru urtetatik gaur egun arte egindako lanaren eta hobekuntzen ondorio, hiru izar izatetik lau izatera pasatu da, orain. “Izar berri hau Hernaniko Udalak zein Hernaniko herritarrek hondakinen kudeaketan egindako lanaren errekonozimendua da”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak Hernaniko Udalaren izenean.
Dagoeneko egonkortuta dauden atez ateko sailkako bilketa, konpostaje deszentralizatua (etxeko zein auzo konposta), edota sortzez besteko ordainketaz gain, azken urteetan Zero Hondakin Estrategian egindako urrats garrantzitsuak nabarmendu ditu MiZAk. Horrekin batera, Hernaniko Hondakin Bulegoaren lana eta inplikazioa ere aitortu ditu. Zero Zabor bidean, azken urteetan zenbait proiektu berri sortu ditu Hernaniko Udalak, besteak beste, Trukehernani webgunea, Asteklimako tailerrak, merkataritza arloan sortzez besteko sistemaren ezarpenean egindako aurrerapenak eta autokonponketa tailerra.
Lertxundik adierazi duenez, “Hernaniko Udalaren helburua zero zabor bidean jarraitzea eta hondakinen kudeaketa eta proiektuek etengabeko hobekuntzak dira. Hori izango da iparrorratza”. Horretarako, Zero Waste auditoriak egindako proposamenak “lagungarri” izango direla adierazi du: “plegu eta kontratu publiko guztietan hondakinen kudeaketarekin lotutako ingurugiro klausulak sartzea edota sortzez besteko ordainketa etxebizitzetan ere aplikatzea gomendatu digute”.
“Bosgarren izarra eskuratzeko bidea egitea erronka polita izan daiteke”, adierazi du Xabier Lertxundi alkateak.
Usurbilek, 2023an bezala, lau izar lortu ditu aurten egindako azterketan ere. MiZAk egindako txostenak balorazio “oso positiboa” egin du. Nabarmendutako jardun onen artean aipatu dituzte, batik bat, hondakinen kalitatearen kontrola eta jarraipena egitea, sortzez besteko ordainketarekin jarraitzea, hondakinen trazabilitatean hobekuntzak egin izana, ingurumen baldintzak kontratazio publikoan txertatzea eta atez ateko bulegoaren eguneroko jarduna. Egindako balorazioak hobetzeko alderdiak ere jaso ditu, batik bat, prebentzioari lotutakoak: hondakinak prebenitzeko plana eguneratzea eta inpaktu-adierazleak garatzea.
Ziurtagiriaren berrikuspenean lau izarrei eutsi izana txalotu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak: “Usurbilek eta usurbildarrek hondakinen kudeaketarekiko eta ingurumenaren zaintzaren errespetuarekiko duten konpromisoaren erakusle da”. Haren esanetan, kontuan izatekoa da hiru urtean aldaketak izan direla herrian — etxebizitza berriak eta jarduera ekonomiko berriak, besteak beste —, eta horiek ere zuzenean eragiten dutela hondakinen kudeaketan. Aurrera begira lanean jarraitzeko gakoak jaso izanaren garrantzia nabarmendu du Solaberrietak: “Hobetzekoak diren alderdiak identifikatzeko ere balio digu ziurtagiriak: dudarik gabe, lagungarriak izango zaizkigu eman beharreko hurrengo pausoak definitzeko”. Solaberrietak azaldu duenez, gaikako bilketa datuak oso onak izanda ere, lanean jarraitzeko bokazioa du Usurbilgo Udalak: 2025ean, hondakinen gaikako bilketa %85ekoa izan zen, azken urteetako mailari eutsiz. Solaberrietak azaldu duenez, horrez gain, udalak trantsizio ekosozialari begirako misioa finkatua du, eragileekin eta herritarrekin batera landuta: helburu horietako bat da, hain justu, 2030erako herrian sortzen diren hiri hondakinak %10 gutxitzea. Hala, datozen aste eta hilabeteetarako lan lerro bat horixe izango dela nabarmendu du.
Izan ere, larrialdi klimatikoaren testuinguruan, erantzukidetasunean oinarritutako hondakinen kudeaketa arduratsua betebehar bat dela nabarmendu du Solaberrietak: “Betebehar morala, etikoa eta politikoa da, eta halaxe barneratua dugu”. Ziurtagirian lau izar lortu izanaren garrantzia ere nabarmendu du, egindako lana aitortu, balioa eman, eta bidean aurrera egiteko akuilu baita.
