Eduki publikatzailea
Atzealdea Astelehenetik aurrera ez da hitzordurik eskatu beharko ez igerilekurako ez gimnasiorako
2021·10·08
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera bertan behera utzi ostean, kiroldegiaren funtzionamenduan berritasunak izango dira astelehenetik aurrera (urriak 11). Aldaketarik nagusiena hitzorduek izango dute: ez da hitzordurik eskatu beharko ez igerilekurako ez gimnasiorako, eta, gainera, erabiltzaileek ez dute denbora mugarik izango espazio horiek erabiltzeko. Salbuespena saunarena izango da: pertsona bakarra egon daiteke bertan, eta, beraz, beharrezkoa izango da hitzordua aldez aurretik hartzea 943 37 24 98 telefonora deituta. Horrez gain, edukiera %100ekoa izango da areto zein aldageletan, eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da kiroldegira sartu zein ateratzean eta ikastaroetan zein gimnasioan; kentzeko baimena izango dute soilik kirol entrenamendu edo partiduetako jokalariek zein igerilekuko erabiltzaileek.
Orain arte egin izan diren desinfekzio txandak mantendu egingo dituzte, baina espazioak ez dira itxiko tarte horietan. Hau da, erabiltzaileak bertan daudela egingo dituzte garbiketak.
Jende pilaketak saihesteko hainbat neurri hartuko dituzte. Batetik, gimnasioko makinak dauden bezala mantenduko dituzte, 1,5 metroko distantzia bermatze aldera. Bestetik, ikastaroen orduetan igerilekuetara soilik ikastaroetako erabiltzaileak sartu ahal izango dira: printzipioz, hala izango da abendura arte, eta ondoren berriz aztertuko dute neurria bere horretan utzi edo aldatu. Horrekin batera, kiroldegi barruko espazio desberdinetara joateko norabideak mantendu egingo dituzte, eta, denborarekin, klubek ere sarrera nagusitik sartzeko aukera izango dute.
Badira zenbait aste partiduetan ikusleak baimentzen direla. Kiroldegiaren kasuan, harmaila berriak jarri bitartean, aulkietan eser daitezke ikusleak eta derrigorrezkoa izango da maskara janztea.