Eduki publikatzailea
2021·01·13
Urtarrilaren 18tik aurrera, aldi baterako aldaketak izango dira Kalezarko trafikoan: batetik, haurreskolaren sarreratik Pikaolara arteko zatian, eta, bestetik, Kalezartik Txaparren-Berri baserrira jaisteko bidean. Lehenengoa gehienez hiru astetan amaitzea aurreikusi dute, eta, bigarrena, bi astetan.
Behin-behineko semaforoek bideratzen dute, egun, kaxkoa eta Kalezar lotzen dituen aldapako trafikoa. Hiru asteotan ez da semafororik izango, aldapa horren noranzkoa bakarra izango baita: behetik gorakoa. Aldapan gora orain itxita dagoen zatiaren bidez egin ahal izango dute autoek, haurreskola ondotik, eta ermitaren parean ezker zein eskuin joan ahal izango dute. Usurbilera jaisteko, berriz, Kalezarko kaxkoa zeharkatu beharko dute ibilgailuek. Trafikoari itxita egongo den arren, Pikaolaren ondoko aldapan dauden aparkalekuak erabiltzeko aukera izango da.
Astelehenean itxiko da, baita ere, Kalezartik Txaparren-Berri baserrira jaisteko bidea. Horko horma bota behar dute, eta lanak bi astetan amaitzea aurreikusi dute.