Eduki publikatzailea

Atzealdea Astelehenean zabalduko dira igerilekua eta sauna

Igerilekua eta sauna irekitzearekin batera hasiko dira, baita ere, uretako ikastaroak. Obren amaiera ospatzeko, haur eta gaztetxoentzat puzgarriak jarriko dira igerilekuan, azaroaren 14an eta 15ean.

2026·10·30


Aurreikuspenak beteta, astelehenean, azaroaren 2an, zabalduko dira kiroldegiko igerilekua eta sauna. Iazko abuztuaren 27ko suteaz geroztik itxita izan dira bi guneak: garbiketa sakona egin eta erabiltzeko baldintza guztiak betetzen zituztela bermatutakoan ireki ziren gainerakoak, astebete ingurura. Maiatzean hasi ziren kalteak konpontzeko obrak: Igez Eraikuntzak enpresak egin ditu, eta 641.000 euroko kostua izan dute. Obren amaiera ospatzeko, puzgarriak jarriko dira, azaroaren 14an eta 15ean igerilekuan. Beraz, egun horietan gainerako erabiltzaileentzat ez da igeri egiteko aukerarik izango.

Kalte material nabarmena eragin zuen suteak. Aldamenean daude sauna eta igerilekua, eta horiek izan ziren eremu kaltetuenak. Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz: esleipendunek azaldu zutenez, azpiegiturak izan dira, hain zuzen, lanik gehien eskatu diena. Igerilekuen kasuan, zoruan epoxy materiala eman da, iraunkorragoa delako, eta inguruko harlauzak berritu dira. Sauna berriak lehengoak baino espazio handiagoa du.

Igerilekua irekitzearekin batera hasiko dira kiroldegiko uretako ikastaroak ere: urrian egin dituzte prestaketa lanak, eta 400 izen-emate izan dira. Horrekin batera, obren amaiera ospatzeko, haur eta gaztetxo abonatuentzako puzgarriak jarriko dira igerilekuetan, azaroaren 14an eta 15ean. Igerilekuen gehieneko edukiera ez gainditzeko, txandak ezarriko dira, eta izena ematea beharrezkoa izango da.

Kiroldegia berriz osorik ireki ahal izateko, prozedura ahalik eta gehien azkartzen ahalegindu zen udala, horretarako gaitasun ekonomikoa zeukala baloratu ostean. 641.000 euroan baloratu ziren kalteak, eta partida osoa gorde zuen, aseguruak bere gain hartuko zuen edo ez jakin gabe. Hilabete batzuk geroago jaso zuen albistea: aseguruak obra osorik finantzatuko zuela jakinarazi zion udalari.