Eduki publikatzailea

Atzealdea Astelehenean hasiko dira San Esteban kalearen goiko zatia egokitzeko obrak

San Esteban kalea irisgarriago eta oinezkoek lehentasuna izateko lanak egingo dituzte: obretan egonagatik ere, oinezkoek bertatik pasatzeko aukera izango dute. Aurreikuspenen arabera, hiru hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko.

2023·04·13


Astelehenean, apirilaren 17an, hasiko dira San Esteban kalea irisgarriago egin eta oinezkoek lehentasuna izateko obrak: Sasoi Eraikuntzak enpresak egin du. Lurzorua egokitu behar denez, azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatuko dute; 196.800 euro inguru kostako dira lanak, eta enpresaren esanetan, hiru hilabete beharko dituzte amaitzeko.

San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du udalak, baina oraingo honetan kalearen zati bat egingo da, goikoa: Kale Nagusitik behera hasita, auzora jaisteko eskaileren ingurura arte. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egingo dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartzea garrantzitsua izango da.

San Esteban kalean ugariak dira joan-etorriak, batik bat, oinezkoenak, herrigunea tren geltokiarekin eta Santuenearekin lotzen baitu zuzenean. Horregatik, obrak martxan egonagatik ere, oinezkoek bertatik pasatzeko aukera izango dute. Ibilgailuek, berriz, ezingo dute kalea zeharkatu lanak gauzatu bitartean.