Eduki publikatzailea

Atzealdea Asteburuan goi-tentsioko linean izandako ezbeharraren harira

Usurbilgo Udala ezbeharra gertatu zen unetik bertatik harremanetan dago Ertzaintzarekin: gaur goizeko elkarrizketan jakin ahal izan duenez, adingabeak egonkor jarraitzen du, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren inguruan. Aztertu nahi dute ea goi-tentsioko dorre horrek araudiak zehazten dituen segurtasun neurri guztiak indarrean ote dituen edo ez. Ikerketa horren emaitzen zain geldituko da udala, neurririk hartu behar duen edo ez erabakitzeko.

2025·03·10


Udala Ertzaintzarekin hartu-eman etengabean dago larunbataz geroztik, bi adingabek Osinalde industrialdeko goi-tentsioko linean izandako ezbeharraren ondorioz. Istripuaren berri izan bezain pronto joan ziren bertara alkatea eta zinegotzi bat, eta ordutik, une oro aritu dira Ertzaintzarekin harremanetan, zauritutako adingabeen egoera ezagutzea lehentasun gisa hartuta. Gaur goizean izandako elkarrizketan jakinarazi dio egonkor jarraitzen duela.


Udalak jakin ahal izan duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, goi-tentsioko linea horrek segurtasun neurrien inguruko araudia betetzen duela ziurtatzeko. Emaitzaren berri emango diote udalari, eta horren zain dago orain udala, neurririk hartu behar duen edo ez jakiteko. Iberdrolarekin hitz egiten ere saiatu da, baina oraingoz ez du lortu.

Une honetan udalarentzat garrantzitsuena adingabearen osasun egoera da. “Tristuraz bizi dugu egoera: gisa honetako istripuek ezinegona eta atsekabea eragiten dute. Espero dugu haurrak hobera egitera, eta senideei gure babesa adierazi nahi diet. Une honetan ezinbestekoa da argitzea zer gertatu den, ea segurtasun neurri guztiak betetzen ote dituen, eta berriz halako ezbehar larri bat eragozteko hartu beharreko neurriak ondo aztertzea, bakoitzari dagozkion ardurak hartuta”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.