Eduki publikatzailea
Atzealdea Asteartean hasiko dituzte Mikel Laboa plazaren eta Artzabalgo parkearen arteko bidea oinezkoentzat prestatzeko lanak
2020·07·10
Asteartean hasiko ditu Sasoi Eraikuntzak enpresak Mikel Laboa plazaren eta Artzabalgo parkearen arteko bidea oinezkoentzat prestatzeko lanak: lau hilabetean amaitzea aurreikusi dute. Obra osoaren kostua 161.744,95 eurokoa da, eta ia erdia (%46,96, hau da, 75.950,86 euro) aurreztuko du udalak, irisgarritasuna hobetzeagatik Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza bat lortu baitu. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, lanek zenbait traba eragin ditzakete trafikoan, baina, hasieran, behintzat, ez da kalerik itxi beharko; aurrerago bai, baina orduan jakinaraziko dute.
Lanak zehazteko, bi zatitan banatu du bidea Sasoik: A eta B eremua. A eremua Artzabalgo parkearen sarreratik Kontzeju Zarra eta Zubiaurrenea kaleetako zebra bidera arteko zatia da; B eremua, berriz, Mikel Laboa plazaren sarreratik aipatu zebra bide horretarainoko aldapa. A eremuan oinezkoei lehentasuna ematea izango dute helburu: horretarako, Borda Berri kaletik behera doan kaleko espaloia, Zubiaurrenekoa eta Artzabalgo parke sarrerakoa batu egingo dituzte, modu horretara, parkeari presentzia handiagoa emateko. Zubiaurrenea kalea, orain arte, bi norabidekoa izan da, eta, aldaketekin, norabide bakarrekoa bihurtuko da (Borda Berri kaletik Zubiaurrenera eta handik gora joateko), eta, horrez gain, espaloia handitu eta eserlekuak eta zuhaitzak jarriko dituzte.
B eremua berritzeko helburua Mikel Laboa plazaren, Askatasuna plazaren eta Kontzeju Zarra kaleen artean oinezkoen konexioa txukuntzea da. Hala, berrituta, Mikel Laboa plaza Askatasuna plaza aldera hedatuko da: ibilgailuek jada, ez dute Mikel Laboa plazaren sarreran aparkatzeko aukerarik izango, dena maila berean berdinduta geldituko baita, galtzada-harri mota berarekin, eta hor ere zuhaitzak eta eserlekuak jarriko dituzte. Askatasuna plaza aldeko espaloian, lehorrean leundutako hormigoia botako dute, eta parekoan, berriz, baldosa hidraulikoa jarriko dute.