Eduki publikatzailea
Atzealdea Asteartean ekingo dio ‘Goazen kalera’ ekimenak ikasturte berriari, Santuenean
2025·09·25

Goazen kalera, Usurbil ekimena asteartean, irailaren 30ean, itzuliko da, Santuenean: azaroaren 25era bitarteko egutegia prestatu dute. Udalak, ikastetxeek eta jubilatuen elkarteek elkarlanean antolatzen dute ekimena, elkarrekin ibilaldiak eginez belaunaldi arteko harremanak eta elkarren arteko zaintza sustatzeko helburuarekin. Hitzordua 10:30ean izaten da, 12:00 bitartean, eta ibilaldien amaieran, OLH Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketakoa izaten dute zain.
Astearteetan izaten dira Goazen kalera -ren hitzorduak: azaroaren 25era bitartean, bederatzi saio izango dira, guztira. Iaz berreskuratu ziren saiook, denbora batez antolatu gabe egon ostean, bi berrikuntzarekin. Batetik, Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagan, Santuenean eta Zubietan ere antolatzen dira ibilaldiok, eta, bestetik, OLH-ko ikasleek prestatutako hamaiketako osasungarriekin amaitzen dira. Molde berari eutsiko diote hilabeteotan ere. Tartean behin ekintza bereziak antolatzen dituzte, eta Eguneko Arretatik eta Egurtzegitik ere pasatu ohi dira beste zenbaitetan, erabiltzaile diren herritarrekin elkartzeko.
Oraingoan, gainera, garraio zerbitzua eskainiko da saioak auzoetan egitea egokitzen den egunetan, joateko zein bueltan etortzeko: lehenengoa, asteartean bertan izango da.
Egutegia (PDF): hemen.

