Eduki publikatzailea

Atzealdea Aste Santuen ostean hasiko dira kiroldegiko obrak

Igez Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaizkio kiroldegiko suteak eragindako eremua eraberritzeko obrak, 641.400 euro inguruan. Aurreikuspenen arabera, Aste Santuen ostean hasi eta ia 5 hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko.

2026·03·27


Kiroldegiko suteak eragindako eremua eraberritzeko lanak esleitu berri ditu udalak: Igez Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu, 641.396,50 euroan. Udalak espero baino gehiago da lanak esleitzeko prozesua, deialdia bitan egin behar izan baitu. Azkenik, lanak esleituta, Aste Santuen ostean hasi eta ia bost hilabete beharko dituzte obrak egiteko.

Kiroldegiko saunan piztu zen sua, 2025eko abuztuaren 27an, eta kalte material nabarmena eragin zuen. Aldamenean daude sauna eta igerilekua, eta horiek izan ziren eremu kaltetuenak. Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz. Udalak egindako azterketak 641.000 euroan baloratu zituen kalteak. Obrak egin ahal izateko prozedura ahalik eta gehien azkartzeko, eta horretarako gaitasun ekonomikoa zeukalako, 641.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen urriko osoko bilkuran. Aseguru etxeak oraindik ez du ofizialki jakinarazi sutearen kalteak zenbateraino estaliko dituen.

Prozedura ahalik eta gehien azkartzeko bokazioz arituta ere, udalak nahi baino gehiago atzeratu da lanak esleitzeko epea: bi aldiz jarri behar izan du martxan esleipena. Lehenengoan, esleipena eskuratu zuen enpresak agiri bat falta zuen, eta ezinbestekoa zen lanak esleitu ahal izateko. Bigarren ahaleginean, iragarkirik gabeko esleipen negoziatua egin da: udalak hiru enpresari eskatu die obrak gauzatzeko proposamen bat aurkezteko, hamar laneguneko epea emanez. Bakarra aurkeztu da, Igez Eraikuntzak: egindako proposamenak eskatutako baldintza guztiak betetzen dituenez, horri esleitu zaizkio lanak.

Azkenean esleitu dira kiroldegiko lanak, eta pozteko moduko albistea da: dena den, ikusi beharko da obrak hasten direnean aurrez ikusi gabeko kalte gehiago agertzen ez ote diren. Udazkenerako kiroldegia erabat ireki nahiko genuke, baina halakoetan ezin izaten da erabateko ziurtasunez baieztatu aurreikusitako epeak betetzeko aukerak izango direla”, ohartarazi du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Aste Santuen ostean hasi, eta lanak lau hilabete eta hiru astean gauzatu ahal izateko aurreikuspena azaldu du esleipendunak