Eduki publikatzailea

Atzealdea Askatasuna plazako irudiak berrituko dituzte, plazaren 20. urteurrenean

Askatasuna plazaren 20. urteurrenean, Karlos Zabala ‘Arrastalu’-k hondatuta zeuden hainbat pieza berregin ditu, eta, orain, elementu berriak txertatzeko enkargua egin dio udalak, herriaren aniztasuna ere isla dezan.

2022·07·14


Askatasuna plazako irudiak berritzeko partida onartu berri dute, Ogasun Batzordean: 21.000 euro, guztira. 2002an egin zuten Askatasuna plaza, eta gutxira, Karlos Zabala ‘Arrastalu’-ren eskulturek jantzi eta leundu zituzten plazaren hormak. Besteak beste, era askotako herritarrak islatzen dira Arrastaluren irudietan; hogei urteotan, herria haztearekin batera, ugariagoa da Usurbilgo biztanleen jatorria, eta hori muralean islatzeko enkargua egin dio orain udalak Arrastaluri.

Era askotako irudiak dituzte Askatasuna plazako hormek. Herritarrak, lanbideak, euskal kulturan edo kirol munduan ezagun direnak, paisaiak, kultur adierazpenak... Orain, onartu berri duten partidarekin, azken hogei urteetan Usurbilera bizitzera etorritakoak ere bertan islatu nahi dituzte, herriaren jatorri aniztasuna artearen bidez ere ikusgarria izan dadin. Zenbait aste beharko ditu Arrastaluk guztiak egin eta jartzeko: aurreikuspenen arabera, udazkenean prest egon daitezke.

Horrez gain, hogei urteren buruan, orduan jarritako zenbait elementu hondatuta zeudenez, horiek konpontzen eta osatzen aritu da Arrastalu, udalak eskatuta: 93 pieza eta 140 begi inguru berritu ditu, eta 8.800 euroko kostua izan du.

Usurbilek artearekin duen loturaren beste elementu bat gehiago dira Arrastaluren irudiak, hau da, herriaren ondarearen parte dira, eta herri ondare hori zaindu eta mantentzeko helburuarekin ere egin dituzte konponketak eta elementu berrien enkargua.