Eduki publikatzailea
Atzealdea Asfaltatze lanak egingo dira San Estebanen eta Txokoalden, bihartik ostiralera
2026·03·03

San Esteban eta Txokoalde artean asfaltatze lanak egingo dira, bihar, martxoak 4, hasi, eta hiru egunez: Txokoaldeko zubia itxieragatik egokitu zen behin-behineko ibilbidean sortutako zuloak estaliko dira. Guztira, 31.000 euro inguru inbertituko ditu udalak.
Txokoaldeko zubia zortzi hilabetez egon da itxita, ETSk berritu bitartean, iazko ekainaren 2tik aurrera. Bitarte horretarako, ibilbide zirkular bat egokitu zuen udalak, Santuenetik San Estebanera igo, eta handik Txokoaldera sartu ahal izateko. Azaro-abendu inguruan, nabarmen kaskartu zen bidea, kamioien joan-etorriak tarteko zuloak sortu baitziren. Behar larriena zutenetako lau konpondu zituen udalak behin-behinean, zubia irekitzen zenean behin betiko konpontzeko asmoarekin. Zubia otsailaren 6an erabat irekita, hitz emandako konponketak egingo dira bihartik ostiralera bitartean.
