Eduki publikatzailea

Atzealdea Artzabal topaguneko taberna-jatetxea kudeatu eta ustiatzeko esleipena abiatzea onartu da, osoko bilkuran

Kontratuaren iraupena 5 urtekoa izango da, urtebeteko bost luzapen egiteko aukerarekin. Pleguak argitaratu berri dira: ekainaren 27ra arte izango da proposamenak egiteko epea.

2026·06·03


Artzabal topaguneko taberna-jatetxea kudeatu eta ustiatzeko esleipena abiatzea onartu da, maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo zuen. Esleipena arautuko duen plegu tekniko eta administratiboak onartuta, Euskal Herriko Kontratazio Plataformara eta Europako Kontratazio Plataformara igotzea onartu da: izatez, atzo igo zen, eta ekainaren 27ko 14:00 arte izango da proposamenak aurkezteko epea.

Ainhoa Arrozpide zinegotziak azaldu duenez, hainbat sailetako teknikariek lantalde bat osatu dute azken hilabeteetan Artzabalgo esleipena prestatzeko. Orain arteko lizitazioak hamar urte iraun du, eta tarte horretan Usurbilek izandako “bilakaera garrantzitsua” pleguetan islatuta utzi nahi izan dute, Arrozpideren esanetan. Esleipen berriak dakartzan aldaketetatik lehenengoa izenarena da: “zahar etxeko taberna” gisa izendatzetik, “topagune” izendatzeko urratsa egin da. Zerbitzuaren jarraikortasuna bermatzeko, kontratuaren iraupena bost urtekoa izatea proposatu da, urtebeteko bost luzapen egiteko aukerarekin.

Horrekin batera, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko egindako lanketa ere kontuan hartu da, Arrozpideren esanetan: “Udalak dituen kontratu guztiak zaintza ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokitzea da udalaren nahia: Artzabalgo topagunearen tabernaren kasuan, herriko adinekoei nagusiki zuzendutako baliabidea izanik, ezinbestean lerrokatua behar du aipatutako misioarekin”. Artzabalgo taberna eta jatetxea erreferentziazko topagunea da, sozializatzeko espazioa, isolamendua saihesteko baliabidea, adineko herritarren integrazio komunitariorako bitartekoa zein herritar ugarirentzat elkartzeko lekua.

Gure Pakea jubilatuen elkartearen egoitza da Artzabal, eta haiekin ere bildu da udala, lizitazio berria prestatzeko. Hain zuzen, haiek egindako eskaerari erantzunez, ordutegia zabaldu egingo da, goizez ordubete lehenago irekita. Oporrei lotutako beste neurri bat ere txertatu da: 22 lanegunez itxi ahal izango da gehienez, eta ezin izango dituzte hartu Gabonetan, herriko jaietan, abuztuan edo udaberriko oporretan. Ohi bezala, jubilatuek prezio bereziak izango dituzte: prezio orokorrekiko %10eko murrizketa izango dute, gutxienez.

Artzabal taberna-jatetxearen biltegi erabilerarako Puntapax 10 udal-lokala utziko zaio