Eduki publikatzailea

Atzealdea Arrobitxulok saria eskuratu du Europako NEB sariketan

Europako Batzordeak bultzatutako NEB sariketan saria eskuratu du Arrobitxulok, 20.000 biztanlez azpiko udalerrien kategorian. Aitortzaren garrantzia nabarmendu, eta proiektua bultzatu duten talde eta eragileak zoriondu ditu udal-gobernuak.

2026·10·19


Arrobitxulo proiektua saritu dute Europako NEB Boost for Small Municipalities sariketan. Sariketa horrek 20.000 biztanlez azpiko udalerrietako proiektuak saritzen ditu, proiektuen hastapenetan izan ditzaketen oztopoak gainditzen lagundu eta bultzada emateko: proiektuek NEB ekimenaren balioekin eta lan printzipioekin bat egin behar dute. Urriaren 15ean eta 16an izan da sariketa, Bruselan, eta han izan da udal-ordezkaritza bat.

Jon Mikel Azpiazu Gazteria eta Kultura zinegotziak jaso zuen saria. Nabarmendu zuenez, herriko kultur eta gazte eragileek bultzatutako proiektu honek herritarren arteko topaketa, ezagutza eta elkarlana ahalbidetuko ditu, euskal kulturaren transmisioa bultzatzearekin batera. Saria jasotzerakoan ere, proiektuak komunitate izaera sendotzeko duen bokazioa nabarmendu zuen: “Gero eta indibidualagoa den gizarte joera higatzeko ahalegina da".

Europa osoko proiektuek parte hartu dute sariketan, eta puntuaziorik altuena eskuratu zuten 30en zerrendan sartu zuten Arrobitxulo; Bruselan ospatutako sariketan, berriz, sarituen zerrendan sartu zuten. Finalera iritsi izanaren garrantzia nabarmendu du Azpiazuk, eta proiektua abiarazi duten herriko talde eta eragileentzako esker oneko hitzak izan ditu: "Sari hau Arrobitxulo proiektua abiatu, bultzatu eta ekarpenak egin dituzten guztien lanari esker izan da: zuena da sari hau!”.

NEB New European Bauhaus sariketa 2021ean jarri zuen martxan Europako Batzordeak, eta NEB Boost for Small Municipalities deialdia, udalerri txikiei zuzendutakoa, berriz, iaz. NEB kontzeptua hiru balio edo filosofiak osatzen dute: iraunkortasuna (ingurumen helburuak, zirkulartasuna, kutsadura murriztea edo bioaniztasuna), inklusibotasuna (aniztasuna eta irisgarritasun segurua) eta proiektuen edertasuna eta kalitatea pertsonen onurarako baliatzea. Lan printzipioak, aldiz, partaidetza, maila anitzeko komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna dira.