Eduki publikatzailea
Atzealdea Arrobitxulo proiektua NEB sariketarako hautatua izan da
2026·09·29

Europako NEB Boost for Small Municipalities sariketan puntuaziorik altuena lortu duten 30 proiektuen zerrendan sartu da Arrobitxulo. Sariketa horrek 20.000 biztanlez azpiko udalerrietako proiektuak saritzen ditu, proiektuen hastapenetan izan ditzaketen oztopoak gainditzen lagundu eta bultzada emateko. Proiektuek NEB ekimenaren balioekin eta lan printzipioekin bat egin behar dute.
NEB New European Bauhaus sariketa 2021ean jarri zuen martxan Europako Batzordeak, eta NEB Boost for Small Municipalities deialdia, udalerri txikiei zuzendutakoa, berriz, iaz. NEB kontzeptua hiru balio edo filosofiak osatzen dute: iraunkortasuna (ingurumen helburuak, zirkulartasuna, kutsadura murriztea edo bioaniztasuna), inklusibotasuna (aniztasuna eta irisgarritasun segurua) eta proiektuen edertasuna eta kalitatea pertsonen onurarako baliatzea. Lan printzipioak, aldiz, partaidetza, maila anitzeko komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna dira.
NEB sariketa urriaren 15ean eta 16an izango da, Bruselan, eta udal-ordezkaritza bat bertan izango da. Europako hainbat herrialdetako 30 proiekturen ordezkariak elkartu eta esku artean dituzten erronkak gainerakoekin konpartitzea da helburua; esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikastea ahalbidetuko du, beraz, sariketak.
