Eduki publikatzailea

Atzealdea Arrobitxulo eraikitzeko kreditu konpromisoa onartu dute, osoko bilkuran

Milioi bat euroko kreditu konpromisoa onartu da, Arrobitxuloren obren esleipena udazkenean abiatu ahal izateko: 3,5 milioi euroko partida gorde da, guztira. Kreditu konpromisoa 2027ko eta 2028ko aurrekontuen bizkar egingo da, erdira.

2026·06·26


Arrobitxulo eraikitzeko milioi bat euroko kredituko konpromisoa onartu da, obren esleipena udazkenean abiatu ahal izateko. Udalak 2,5 milioi euroko partida gordea zuen lehendik: kreditu konpromisoarekin, beraz, 3,5 milioira handituko da. Arrobitxulo eraikitzeko esleipena udazkenean abiatu nahi du udalak, eta partida prest izateko erabaki du kreditu konpromisoa egitea: EH Bilduren botoekin onartu da proposamena; EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo dute.

2024an Arrobitxulo eraikitzeko partaidetza prozesua egin ondotik, eraikinaren aurre-proiektuak jada inbertsio handi bat egin beharko zela erakutsi zuen, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zuenez. Behin betiko kopurua ezagutzen ez bazen ere, 2,7 milioi euroko mailegu bat eskatu zuen udalak, esku artean zituen bi proiektu gauzatzea bermatu ahal izateko: Arrobitxulo eraikitzeko 2,5 milioi euro eta haur eskola eraberritzeko 200.000 euro.

Arrobitxuloren exekuzio proiektua idazteko lizitazioa egin zen, eta lehenengo kopuruen arabera, 3,2 milioi euroko aurrekontua izan dezake. Obrak lizitatu ahal izateko ezinbestekoa izaten da diru partida gordeta izatea: udazkenean abiatu nahi da prozesu hori, hain justu: “Espero genuena baino gehiago da, eta partidaz partida aztertzen ari gara. Edozein kasutan, badakigu 2,5 milioi euro baino gehiago beharko ditugula, eta kreditu konpromisoa egitea erabaki dugu”. Alkatearen esanetan, mailegua handitu beharrean, 2027 eta 2028 aurrekontuen bizkar kreditu konpromiso bat egitea erabaki dute, kontu hartzailearen gomendioari jarraituz: bakoitzean 500.000 euro gordeko dira. Solaberrietaren esanetan, kanpo finantzazioa lortzen saiatzen ari da udala.

EAJk abstentziora jo zuen milioi bat gehitzea %40 igoera dela argudiatuta. PSE-EE ere abstenitu egin zen, mailegua eskatzea erabaki zenean bezala. Solaberrietak, EAJri erantzunez, ñabardura bat egin zuen: “Ez da igoera bat, orain arte ez baitugu aurrekonturik izan esku artean”.