Eduki publikatzailea
Atzealdea Aritzeta erosteko, Santueneko urbanizazioa gauzatzeko eta tokiko merkataritzaren erreleboa laguntzeko kreditu aldaketa onartu da
2026·06·26

1.023.841,34 euroko kreditu gehigarriak onartzea onartu da, ekaineko osoko bilkuran: EH Bilduren aldeko botoekin onartu da proposamena; EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo dute. Kreditu aldaketa horren bidez, partida berriak sortuko dira, eta Santueneko urbanizazio proiektua gauzatzeko lehendik jasotako partidara diru gehiago bideratuko da. Erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean jarriko da: partidak irailerako behin betiko onartuta eta erabilgarri izatea aurreikusten du udalak. Txertaketa hori irmoa denean, udalaren 2026ko aurrekontua 22.098.183,89 eurokoa izango da.
Kreditu aldaketa, batik bat, partida berriak sortzera bideratua dago: horietako zenbait nabarmendu zituen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Batetik, 250.000 euro bideratuko dira Aritzeta erosteko. Azaldu zuenez, duela zenbait hilabete jabeek udalera jo zuten, eraikina saldu nahi zutela esanez: udalak erosteko interesik izan zezakeen jakin nahi zuten, hirugarren pribatu bati saldu baino lehen. Solaberrietaren esanetan, ez da ohikoa udalak ondasunak erostea, baina kale horren izaera ikusita eta eraikin publikoz inguratuta egonik, eskaintza aztertu zuen: “Jabeek eraikina tasatu zuten, eta egindako kontsultetan ikusi zen oso onuragarria zela udalak eraikin hori eskuratzea: udal-gobernutik ezin genion muzin egin horrelako aukera bati”. Kiroldegiko sutearen kalte ordainen gaia argituta, aurrera egitea erabaki zen. “Oso erosoa eta erraza izan da jabeekin negoziatzea: oraingoz ez dugu pentsatu zertarako izango den, baina momentu egokia iruditu zaigu inbertsioa egiteko: aurrerago ikusiko da zer erabilera eman”, azaldu zuen Solaberrietak.
Kopuru aldetik txikiagoa izan arren, tokiko merkataritza laguntzeko dirulaguntza lerro berri baten berri eman zuen Solaberrietak: 36.000 euro bideratuko dira tokiko merkatarien erreleboa laguntzeko. “Arrazoi desberdinak tarteko, garai zailak dira tokiko merkataritzarentzat: lanean ari diren gehienak erretiroaren atarian daude”, nabarmendu zuen. Ondorio hori atera da tokiko merkataritzaren hurrengo urteetara begira egindako azterketatik: Siadecorekin, Beterri Buruntza Mankomunitatearekin eta Hurbilagorekin lanean aritu da udala, erreleboak nola bermatu aztertzeko.
Santueneko urbanizazio proiektua gauzatzeko 200.000 euroko partida jasoa zuen udalak 2026ko aurrekontuetan: horiek osatzerako orduan, ordea, exekuzio proiektua idazten ari zen artean, eta jakitun zen partida hori handitu egin beharko zela. Exekuzio proiektua eginda, partida horretara beste 400.000 euro bideratuko dira. Solaberrietak azaldu zuenez, aurrekontua espero baino handiagoa izan arren, udalarentzat estrategikoa da proiektu hori, auzoaren erdigunean nabarmen hobetuko direlako irisgarritasun baldintzak. Gainera, adinekoek ariketa fisikoa egiteko makinak mugitu eta belaunaldi artekotasuna ahalbidetzeko elementuak kokatuko dira, besteak beste, ur txorrotak izango dituen eremua. Udatik bueltan ekingo dio udalak lizitazioari.
Bestelako zenbait partida ere nabarmendu zituen alkateak. Udal-langileen 2026ko soldata igoerarako 150.000 euro jaso dira; aurreikusi gabeko beharrei modu azkarrean erantzun ahal izateko kreditu globalerako, 100.000 euro; udal haur eskolako zerbitzua ematen duen Udarregi ikastolari kontratua eteteagatik adostuko den kalte-ordainerako 50.000 euro; brigadarentzat ibilgailu berri bat erosteko 18.200 euro eta umeen parkeak berritzeko beste 15.000 euro.
Finantzaketa modua
Solaberrietak azaldu zuenez, udalaren diruzaintza gerakina ukitu gabe, bi diru-iturri nagusiren bidez finantzatuko da kreditu aldaketa: mediku etxearen salmenta eta kiroldegiko suteagatik aseguru etxearengandik udalak jasoko duen kalte-ordaina. Aseguruak udalari jakinarazi dionez, %100 finantzatuko du kiroldegiko instalazioak berregiteko obra: hau da, 641.000 euro jasoko ditu. Udalak diru hori jada gordea zuen obrak ahalik eta azkarren esleitu eta hasi ahal izateko: orain jasoko duen kalte-ordaina, beraz, kreditu aldaketarako ahalbidetu da.
Mediku etxea udal eraikina da, eta urteak daramatza hutsik. Udalaren berrantolaketaren azterketa egin zenean udal sailen bat bertan koka zitekeen aztertu zen, eta ez zela egokia ebatzi zuten. “Eraikina bera etxebizitza bat da: ez dago prestatuta zerbitzu bat bertan kokatzeko, eta zailtasun asko ikusten zen”, azaldu zuen Solaberrietak. Era berean, udal-etxebizitza bihurtzeko aukera ere mahai gainean jarri zen, baina obra eta inbertsio handiak beharko lituzke, eta errentagarritasun sozial txikia izango luke, jende gutxiri egingo bailioke onura. Hala, eraikina tasatu eta saltzea erabaki da: 382.440 euro ingurukoa da tasazioa, eta enkantean jarriko da, HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra indarrean sartzen denean. “Guretzat apustu bat da: interes orokorraren ikuspegitik, uste dugu hobe dela mediku etxea saldu eta Aritzeta erostea”, nabarmendu zuen Solaberrietak.
EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten, finantzazio moduarengatik. Mediku etxearen salmenta aurten burutzeko astirik ez duela emango uste dute jeltzaleek; PSE-EEk, berriz, eraikinaren prezioa aldatu daitekeelako.
Kontu hartzaileak azaldu zuenez, 382.440 euro gutxieneko prezioa da: hortik gora egingo duela aurreikusten da. Haren esanetan, gerta daiteke hori baino merkeago saltzea ere, baina udalak aurre egiteko moduko gastua dela iritzi du, likidezia arazorik ez duelako.
