Eduki publikatzailea

Atzealdea Apelliduak Abizendu: abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia

Izen-abizenak euskaratzeko izapidea erraz-erraza eta doakoa da. Buruntzaldeko 1.000 lagunek baino gehiagok euskaratu dituzte beren abizenak dagoeneko.

2026·09·25


Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek urteak daramatzate Apelliduak Abizendu programa sustatzen, 2000. urtetik, hain zuzen ere. Geroztik, 1.000 lagunek baino gehiagok euskaratu dituzte beren deiturak. Hala ere, oraindik asko dira erdarazko grafiaz idazten diren euskal abizenak.

Eskualdeko herritarrei beren izen-abizenak euskarazko grafiara egokitzeko aukera eskaintzeko helburuarekin, aurten ere, Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek izen-abizenak euskal grafiara ekartzeko deia egin dute.

Izapidea doakoa eta erraza da

Prozesuari buruzko informazioa zabaltzeko, informazio-diptikoak argitaratu dira. Usurbilgo Udalak informazio-orriak eskuragarri jarriko ditu udal-ekipamenduetan.

Tramitea egiteko, honako dokumentazioa prestatu behar da:

  • Errolda-agiria, udaletxean eskuratu daitekeena.
  • Jaiotza-agiri literala, jaioterriko bake-epaitegian eskatu daitekeena.
  • NANaren fotokopia.
  • Familia-liburua edo haren baliokidea, ezkonduta egonez gero edo seme-alabak izanez gero.

Dokumentazioa prestatu ondoren, herriko Bake Epaitegira joatea izango da hurrengo urratsa. Bertan bideratuko da izen-abizenen aldaketa. Zalantzarik izanez gero edo informazio gehiago behar izanez gero, herriko bake epaitegira deitu daiteke.

Abizenen euskarazko grafiak

Izen-abizenak euskaratzeko erreferentzia Euskaltzaindiaren EODA (Euskal Onomastikaren Datubasea) da. Bertan kontsulta daiteke abizen bakoitzaren euskarazko grafia zuzena.

Apelliduak Abizendu Buruntzaldeko sei udalen euskara zerbitzuek elkarlanean bultzatzen duten ekimenetako bat da, euskararen erabilera eta normalizazioa herritarren egunerokoan sustatzeko.

Udalek gogorarazi dute izen-abizenak euskarazko grafiara egokitzea herritarren eskubidea dela, eta beharra duten pertsona guztiak informatzera eta tramitea egitera animatzen dituzte.

Informazio gehiago, bake-epaitegian: 943 372 336