Eduki publikatzailea

Aniztasuna kudeatzea

2021eko azaroko Udalberrin argitaratutako zutabea, aniztasunaren kudeaketaz.

2021·11·05


Usurbil gero eta herri anitzagoa da. Hizkuntza, kolore, jatorri, ohitura, adin eta identitate desberdineko herritarrok osatzen dugu. Datu bat: Usurbilgo biztanleriaren %18 inguru Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da, eta 50 jatorri inguru bizi gara. Aniztasunaren kudeaketa XXI. mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da, eta, tamalez, migratzaileak mehatxu gisa aurkezten dituzten gorroto diskurtsoak areagotzen ari dira han eta hemen, baita populismo eta politika xenofoak ere.

Usurbilen beste balio batzuk lehenetsiz eta elkartasunetik erantzun nahi diogu erronka horri, aniztasuna aberastasuna baita. Erronka ez da soilik urteetan urrun edota bizkar emanda bizi izan garen komunitateak hurbiltzea; erronka da kolektibitate berri bat eraikitzea, gure nortasuna, hizkuntza eta kultura zaintzen jakingo duena, eta, era berean, gurera etorri diren pertsona guztien ekarpenak jaso eta eskertzen jakingo duena, jatorria edozein duela ere. Hori da herri solidarioagoa, aktiboagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa izateko bidea.

Hain zuzen, asmo eta bokazio horrekin abiatu genuen legegintzaldiaren hasieran Usurbilgo jatorri aniztasuna eta bizikidetza lan-ildoa. Lehen urratsak iaz eman genituen: herritar desberdinekin elkartu, eta modu pausatuan hitz egin dugu. Jatorri aniztasunaren inguruko esperientziak jaso dira, usurbildarren artean dauden harremanak ezagutu, herriak norberarentzat duen esanahia ulertu, eta etorkizunera begira guztien arteko interakzioa sustatzeko gakoak bilatzen saiatu gara. Kontuan hartu ditugu bai 1960-70eko hamarkadetako migrazioa ezagutu zutenak, eta baita gaur egun munduko txoko guztietatik iristen ari direnak ere. Azterketa soziologiko horren tresna nagusia elkarrizketa izan da. Entzutea. Sarri askotan egiten ez dakiguna, tamalez. Eta segituan ohartu ginen bizipen eta testigantza horiek ezin zutela txosten batean geratu; argitara eman behar genituela. Halaxe sortu zen Migrazioari maskarak erauzten dokumentala.

Usurbildarrei beren herrikideak ezagutzeko tresna eskaini nahi izan diegu. Izan ere, aniztasuna egoki kudeatu nahi badugu, ezinbestekoa da elkar ezagutzan eragitea. Migrazioaren atzeko errealitatea ezagutu, eta beren lurraldea uzteko izan dituzten arrazoietan sakondu. Beti baitago arrazoi bat atzean, baina helburua beti da bera: jatorrizko herrialdeak eman ezin izan dien bizibide hobe bat topatzea. Beraz, esango nuke, askotan, migratzaileak desterratuak ere badirela, ez baitute eurek aukeratu sorterritik joatea. Ezinbestekoa da migrazioari begirada horretatik so egitea. Ezezaguna zaiguna, ezagutu. Ikusezina dena, ikustarazi. Hitz batean, migrazioari maskarak erauzi.

Baina hori ere ez da aski. Elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko premia handia dugu. Izan ere, elkarrekin bizitzea ez da espazio fisiko bat partekatzea soilik. Aniztasuna aldarrikatzen dugu, baina gutxi bizi dugu, eta bizikidetza zerbait gehiago da: elkarrekiko errespetua da, enpatia da, herrikideak izatea da. Horretarako, ezinbestekoak ditugu elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak, baita, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen udal-jarduna eta aniztasuna zehar-lerroz lantzea politika publiko guztietan.

Sinergiak sortu, diskriminazioaren aurka borrokatu eta aniztasunean bizikidetza bultzatzeko proposamen adostuak eraiki. Hori da, hitz gutxitan, gure udal-estrategia aniztasunaren kudeaketa demokratikora bideratzeko osatu dugun plana.