Eduki publikatzailea

Atzealdea Aniztasun Kontseiluaren gonbidapena, maiatzaren 16rako

Aniztasun Kontseilua maiatzaren 16an bilduko da, Emakumeon Etxean, eta jatorri aniztasunaren inguruan interesa izan dezaketen herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

2024·05·10


Datorren ostegunean, maiatzaren 16an, Aniztasun Kontseiluak bilera egingo du Kalezarren, Emakumeon Etxean, 17:30ean hasita. Taldekide finkoak badituen arren, izaera irekia du Aniztasun Kontseiluak, eta, horregatik, jatorri aniztasunaren inguruan interesa izan dezaketen herritar guztiak gonbidatu dituzte saioan parte hartzera.

Maiatzaren 16ko bileran hainbat gai landuko dituzte, baina, batik bat, une honetan esku artean dituzten gaiak eta azken hilabeteetan landutakoak izango dituzte hizpide. Hala, HarEman proiektua, harrera zerbitzuaren balorazioa, argitaratutako eskuorriak zein euskara ikasteko errefortzu saioez arituko dira. Era berean, Aztikerreko kideak ere bertan izango dira, jatorri aniztasunaren herriko argazki eguneratuaren berri emateko.

Aste Santuko jaiegunez geroztik, hain zuzen ere, Kalezarren dago udaleko Aniztasun saila, Emakumeon Etxean. Han eskaintzen da, besteak beste, herrira etorri berriak direnentzako harrera zerbitzua.