Andatza II guneko indusketa-lanak amaituta, Irigaingo aztarnategian lan egingo du Aranzadik irail-urrian
2023·08·28
Aranzadi Zientzia Elkarteak bi indusketa arkeologiko egingo ditu, aurten ere, Usurbilen, boluntarioen laguntzarekin. Izatez, lehenengoa bukatu berri dute — Andatza II guneko trikuharrian aritu dira—, eta bigarrengoa irail-urrian izango da, erromatar garaiko Irigaingo aztarnategian. Indusketen zuzendari Izaro Quevedok jakinarazi duenez, parte hartu nahi duten boluntarioek oraindik ere izena eman dezakete, iquevedo@aranzadi.eus helbidera idatzita.
2003az geroztik ari da Aranzadi indusketak egiten Andatza mendian. Andatza II gunearen kasuan, Neolito-Brontze aroko trikuharria dago, 15 metroko diametroa eta 1,8 metroko altuera dituena. Irigainen, berriz, erromatar garaiko bizitoki bat dago. Indusketa horietan lanean jarraitzeko aldundiaren dirulaguntza jaso du udalak 2023 eta 2024 urteetarako, 17.853 eurokoa.
Abuztuan egindako lanaren bideo bat egin du Aranzadik: