Eduki publikatzailea

Atzealdea Andatza Eguna, modu ezohikoan: mendia gehiago ezagutzeko zirkuituak

Datorren igandea maiatzeko lehenengoa izango da, alegia, Andatza Eguna ospatzekoa. Ez da hamaiketakorik izango, baina udalak eta Andatza Eguneko antolatzaileek mendira joatera animatu dituzte herritarrak, segurtasun neurriak errespetatuz.

2021·04·27


Datorren igandea maiatzeko lehenengoa izango da, hau da, Andatza Eguna ospatzekoa. Eguna ezohiko modu batean ospatzeko bi zirkuitu antolatu dituzte, tontorraz harago, Andatzaren beste txoko batzuk ezagutzeko. Udalak eta Andatza Eguneko antolatzaileek Andatzara joatera animatu dituzte herritarrak, betiere, segurtasun neurriak errespetatuz. Bistako arrazoiak tarteko, ez da hamaiketakorik izango.

Batetik, kartelak jarriko dituzte bezperan, San Estebandik hasita, zirkuitua nork bere kasa egin ahal izan dezan. Bestetik, 4 kilometroko ibilaldi gidatu bat antolatu dute elkarlanean udalak eta Andatza Eguneko Usurbilgo zein Zizurkilgo antolatzaileek, Andatzako ondarea gehiago ezagutzeko: 10:00etan abiatuko da, Ziortzatik. Interesa dutenek hara azaldu besterik ez dute egin behar, eta elkartutako lagun kopuruaren arabera, taldeka antolatuko dira. Joseba Alonsok gidatuko du ibilaldi hori. Asier Agirresarobe eta Javi Castrorekin batera, Andatzako mugarri eta errotarriak aztertzen aritu da Alonso azken urteetan.